Hilaren 14an zozkatuko dituzte udal baratzeak

Aritz Mutiozabal 2021ko mai. 9a, 10:00
Udal baratzeak. (Zarauzko Udala)

Gaur egun adjudikatu gabe dauden lursailak zozkatuko dituzte udalbatzar aretoan. Udalak egunean bertan argitaratuko ditu emaitzak.

Udal baratzeen zozketa publikoa egingo dute datorren ostiralean, maiatzaren 14an, 09:00etan, udalbatzar aretoan. Momentu honetan esleitu gabe dauden lursailak zozkatuko dituzte, eta zorterik izaten ez dutenak itxarote-zerrendan sartuko dira, lursail berriak libratzerakoan zerrendaren arabera esleitzeko.

Lehenik eta behin, lehentasuna duten eskatzaileen zerrendakoen artean –pentsiodunen, erretiratuen eta langabetuen artean– zozkatuko dituzte baratzeak, hurrenez hurren adjudikatuta, behin-behineko izaeraz. Baratzeak agortu ondoren ateratzen diren gainerako eskaera guztiekin itxarote-zerrenda bat osatuko dute. Zozketa hori bukatutakoan, lehentasunik gabeko eskatzaileen zerrendakoekin bigarren zozketa bat egingo dute, eta bertako esleidunekin bigarren itxarote-zerrenda osatuko dute. Baja bat dagoen bakoitzean esleituko diote lursail hori itxarote-zerrendan dagoen hurrengoari, zozketa bidez osatutako ordena jarraituta.

2011n jarri zuten martxan udal-baratzeen proiektua eta, gaur egun, 170 sailek osatzen dute.

Eskaerak, HAZen

Udal baratzeen zozketan parte hartu nahi dutenek Herritarren Arreta Zerbitzuan (Kale Nagusia, 29) egin beharko dute eskaera, maiatzaren 14a baino lehen. Udalak jakinarazi du, bestalde, ikusleentzako aforoa murriztuta egongo dela zozketan, baina egunean bertan emango duela emaitzen berri zarautz.eus atarian.