Salberdin R3-an eraikiko diren 52 etxebizitza tasatuen zozketarako oinarriak aurkeztu ditu alkateak

Aritz Mutiozabal 2021ko mai. 7a, 16:45
Xabier Txurruka alkatearen agerraldia, Salberdin R3 partzelako etxebizitza tasatuen irudia atzean duela. (Aritz Mutiozabal)

Deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da maiatza eta ekaina hasiera bitartean, eta hortik hasita, 30 eguneko epea izango dute eskatzaileek. Zozketa udan egitea aurreikusten dute.

Salberdin eremuaren ipar-ekialdean, R3 partzelan, eraikiko diren 52 udal etxebizitza tasatuak zozketa bidez esleitzeko prozeduraren oinarriak onartu ditu Zarauzko Udalak, eta horien berri emateko agerraldia egin du gaur eguerdian Xabier Txurruka alkateak. Udalbatzarrak joan den otsailaren 25eko osoko bilkuran erabaki zuen Amenabar Etxegintza S.L. entitateari esleitzea lehiaketa bidez R3 partzelaren salerosketa kontratua. Sustatzaileak 52 etxebizitza tasatuen proiektua aurkeztu zuen udalean, eta zozkatuko diren etxebizitzen programa honela zehaztu du:

  • Mugikortasun murriztu iraunkorra duten pertsonentzat hiru etxebizitza egokitu gordeko dituzte, bina logelakoak.
  • Logela bakarreko bi etxebizitza.
  • Bi logelako etxebizitza bat.
  • Hiru logelako 46 etxebizitza.

Etxebizitza guztien gehieneko salmenta prezioa, baita etxebizitza horiei loturiko garaje eta trastelekuen prezioa ere, ezingo da izan 1,5 indizea baino handiagoa, indarrean dagoen Babes Ofizialeko Etxebizitzen gehieneko prezioa kontuan izanda. Hala, sustapen honetako etxebizitza merkeena –logela bakarrekoa– 167.000 euroan salduko da, eta garestiena –hiru logeladuna, 90 metro koadrorekin, eta garajea eta trastelekua barne dituena–, berriz, 283.000 euroan.

Eskaerak egiteko

Zarautz-Lur arduratuko da eskatzaileen zerrenda osatzeaz eta kudeatzeaz. Esleitzeko prozeduraren oinarriak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dituzte, eta behin argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, 30 egun naturaleko epea izango dute eskatzaileek izena emateko. Alkatearen esanetan, maiatza eta ekaina hasiera bitartean argitaratuko da deialdia.

Zerrendan sartzeko ondorengo baldintzak bete beharko dituzte eskatzaileek:

  • Etxebiden altan emanda egotea, 2021eko ekaineko datarekin.
  • Zarautzen erroldatuta egotea, gutxienez bost urtez jarraian edo hamar urtez etenaldiekin.
  • Aintzat hartuko dituzte 2019ko diru-sarrera haztatuak; etxebizitza tasatuetako onuradunen gehieneko diru-sarrera haztatuak ez dira diru-sarreren 1,3tik gorakoak izango.

Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan izena emateko eskaera-eredu ofiziala aurkeztu beharko da. Eredu hori eskuragarri izango da ondorengo tokietan: Zarautz-Lurren bulegoan (Salegi kalea 14), udalaren web atarian, Amenabar enpresa sustatzailearen bulegoetan (Donibane plaza 7) eta bere webgunean. Pertsona edo bizikidetza-unitateko eskaera bakarra onartuko dutela jakinarazi du alkateak.

Partaide onetsi eta baztertuen behin-behineko zerrendak egingo dira, eta baztertuen kasuan, horretarako arrazoiak azalduko dira. Zerrendak hamar egun baliodunez argitaratuko dira Zarauzko Udaleko iragarkien taulatan eta udalaren webgunean, baita Zarautz-Lurren bulegoan ere. Epe horretan, baztertuek erreklamazioak aurkeztu ahal izango dituzte. Parte-hartzaileen behin betiko zerrendarekin, eskatzaile bakoitzari ausazko zenbaki bat esleituko zaio, eta hori erabiliko da zozketarako oinarri gisa.

Zozketa eguna behar bezala jakinarazitako dute, eta osasun publikoaren arloan dauden murriztapenak kontuan hartuta, zozketa modu telematikoan egingo da. Edonola ere, streaming bidez emango dute edonork jarraitu ahal izan dezan. Xabier Txurrukak espero du udan egingo dutela zozketa, "uztailean ez bada, abuztuan izango da". Etxebizitza hau eraikitzen hasteko dago oraindik: lizentzia ematear du udalak, eta lizentzia eta kalifikazio guztiak dituenean hasiko da Amenabar lanean. Aurreikuspenen arabera, udan hasiko dela aditzera eman du alkateak.

594 etxebizitza

Salberdin R3 partzelakoa datozen lau urteetan Zarautzen eraikiko diren babestutako etxebizitza sustapenetatik lehena izango dela  nabarmendu du Txurrukak gaurko agerraldian.  Baita aurreko agintaldian "hirigintza arloan egindako lanaren emaitza" ikusiko dela aurrerantzean ere. "Izan ere, 2025a bitartean, Zarautzen babes maila ezberdinetako 594 etxebizitza sustapen publiko garatzea aurreikusten dugu: gehiengoa Salberdinen, baina baita Lanpardon (Azken Portu) eta Eguzki-Izarran (Iñurritzan) ere". Horietatik 85 babes sozialeko etxebizitzak dira, 131 babes ofizialekoak eta 378 etxebizitza tasatuak.

Zarauztarren etxebizitza beharrari "erantzun eraginkor bat" eman nahi dietela zehaztu du Txurrukak. "2016ean gure lehen etxebizitza plana aurkeztu genuenetik, Zarautzen 170 babestutako etxebizitzen sustapena martxan jartzea lortu dugu. Bide beretik lan egiten jarraitu nahi dugu, Zarautzen etxebizitza eskuragarriaren beharra dagoelako".