Irratien arteko bertso saioa egingo dute larunbat honetan

Dorleta Agiriano Lai 2021ko mai. 10a, 18:00

Putzuzulon izango da Arraio Irratiaren urteurrenaren harira antolatutako bertso saio berezia. Ane Zuazubiskar, Markel Eizagirre, Mikel Iturriotz eta Paula Amilburu ariko dira kantuan.

Ospakizun bete-betean daude Arraio Irratiko kideak. Proiektuak 15 urte beteko ditu aurten, eta oraingoan ere egitarau zabala prestatu dute urteurrenari lotuta. Larunbat honetan, maiatzaren 15ean, izango da hitzordu bat egitarauaren barruan: irratien arteko bertso saioa egingo dute Putzuzulo gaztetxean. Lau bertsolarik abestuko dute: Markel Eizagirrek, Ane Zuazubiskarrek, Paula Amilburuk eta Mikel Iturriotzek.

18:00etan hasiko da saioa, eta ordubete lehenago, 17:00etan, jarriko dituzte salgai sarrerak. Putzuzulon bertan erosi beharko dira txartelak.

Hurrengo egunean, maiatzaren 16an, Petti abeslariaren kontzertua izango da Putzuzulon. Arraio Irratiaren urteurrenaren harira prestatu dute kantaldi hori ere.

Erlazionatuak

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide