Bertso-sorta: 'Esaldiak (3)'

Zarauzko Hitza 2021ko mai. 11a, 18:00

Inaxio Uria Isasti-k azken bi asteetan Zarauzko Hitzara bidalitako Esaldiak (pentsalari handienak) bertso-sortaren hirugarren atala helarazi du oraingo honetan.

1.
Bizitzan zehar une hauetaz
oroitzen gara berandu
Biharko eguna itxaroten
gaurkoa alferrik galdu


2.
Aberatsa izatea ez da
zorion bide bakarra
Pertsona orok izaten baitu
lagundiaren beharra

3.
Behar dudana eros dezaket
ta ez alferrikakoa
Azken hau garestia da beti
nahiz izan zentimokoa

4.
Bizitzeko beta gabezia
sarri aitzaki hutsa da
Zenbat alferrik galtzen ditugun
konturatzen ote gara?

5.
Landareak zuzenki hazteko
bidea da landaketa
Gizakientzat egokiena
zehazki da heziketa

6.
Egia deskribatze garaian
egin hizkera xumeaz
Dotoretasunak alboratuz
Naturaltasunez, beraz

7.
Gosez dagoenari arrain bat
emanaz eguna ase
Arrantzan erakutsi ezkero
konponbidea da aise

8.
Ez dugu gustuko egotea
beti besteen ahotan
Okerrago da ez azaltzea
inoren aipamenetan

9.
Geure burua ezagutzea
ohi da gauzarik zailena
Norbaitez gaizki esaka berriz
jarduera errazena

10.
Zu ez zaite inolaz fidatu
hitz politak entzutean
Ohikoa da aho gozoa
ta pozoia ezustean

11.
Jakinduriakin parekatuz
edertasuna goitikan
Honek ez duenez beharrezko
inoiz adierazpenikan

12.
Maite duzun jendeari eman
hegoak aireratzeko
itzultzeko sustraien berri ta
arrazoiak gelditzeko

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide