Organikoaren eta errefusaren edukiontziak txartel bidez zabalduko dira astelehenetik aurrera

Amaia Urbieta Arruti 2021ko mai. 11a, 15:00

Iazko martxoaz geroztik errefusaren eta organikoaren edukiontziak txartelik gabe zabaldu ahal izan dira, baina berriz jarriko dute martxan sistema maiatzaren 17tik aurrera. Txartela galduta edo hondatuta dutenek udaletxean edota udal elkartearen egoitzan eskuratu ahalko dute berria.

Hurrengo astelehenetik aurrera txartel bidez zabaldu beharko dira berriro Zarauzko organikoaren eta errefusaren edukiontzi guztiak. Urola Kostako Udal Elkarteak ohar bidez jakitera eman du azken hilabeteetan udal elkartea murgilduta dagoela "hondakinak biltzeko sistema berrantolatzeko prozesuan". Gaineratu dute herriz-herri neurriak hartuko dituztela "kaleko edukiontzietako nahiz saltoki eta enpresetako hondakinen bilketak aztertu eta optimizatzeko".

Horrenbestez, UKUEk gogorarazi du txartel bakoitza etxebizitzari dagoiola, eta norberaren etxebizitzari dagozkion bilketa puntuko edukiontziak soilik ireki daitezkeela txartel horrekin. Galdu edota hondatuz gero, berri bat eskuratu ahalko da udaletxean edo udal elkartearen egoitzan. Txartelaren inguruko bestelako gorabeherarik edukiz gero, herritarren eskura dago Hondakinak Biltzeko Zerbitzuaren informazio eta arreta zerbitzua, udal elkartearen egoitzan bertan. Horrez gain, 943-89 08 08 telefono zenbkir deitu daiteke, edota hondakinak@urolakosta.eus helbidera idatzi.

Kontzientziazioa

Udal elkarteak eta Zarauzko Udalak herritarrei gogorarazi nahi die beharrezkoa dela hondakinak dagokien edukiontzian uztea. Gaineratu dute "erabat debekatuta" dagoela hondakin poltsak edukiontzien kanpoaldean uztea. Horren harira, jakitera eman dute aurrerantzean pegatinak jarriko dizkietela edukiontzien kanpoaldean utzitako hondakinei zein dagokien egunetik kanpo kalen utzitako hondakin handiei.  Horrez gain, "informazio-totemak" ere jarriko dituzte, sentsibilizatzeko helburuarekin. Bailarako gainontzeko herrietan jarri dituzte modu horretako totemak:

Bestetik, gogorarazi dute Zarautzen asteazken gaua dela etxeko hondakin handiak ateratzeko unea: 20:00etatik 22:00etara. Nahi izanez gero, erabiltzaileek hondakin handiak garbiguneetara eraman ditzakete. Azkenik, "premiazko deia" egin die udalak eta udal elkarteak herritar guztiei, "hartutako neurriak errespetatu eta bete ditzaten". "Erantzukizunez jokatzeko garaia da: guztion osasuna babesteko modu bakarra da, baita bilketa zerbitzuko langileena ere".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide