Osotasunaren zati bakar horiek

Aritz Mutiozabal 2021ko mai. 12a, 17:45
Objektiboaren eta subjektiboaren artean jokatzen du argazkilari bilbotarrak. (Helena Goñi)

Helena Goñi argazkilari bilbotarraren ‘Singles’ erakusketa zabaldu berri dute Zarauzko Photomuseumen. Datorren ekainaren 13a bitartean egongo da erakusgai.

Zarauzko 28. Argazki Bileraren laugarren eta azken erakusketa zabaldu berri dute Photomuseum Argazki eta Zinema Museoan: Helena Goñi argazkilari bilbotarraren Singles izeneko proposamena. Single-ak osotasun baten zati bat hautatzeko keinuari egiten dio erreferentzia; musika esparruan oso erabilia izan ohi da, gainera. Argazkilariak erakusketa honetan azken urteetan egindako irudien aukeraketa bat eskaintzen du: «Ibilbide horrek, partitura gisa, hainbat proiektu artikulatzen ditu, baita orain arte gauzatu ez diren artxiboko argazkiak ere». 

Goñiren pertzepzioa bi norabideetan egiten den eraikuntza da, begiradak etengabe gurutzatzen diren objektuaren eta subjektuaren artean dago zubia. Bere berezitasunetako bat da teknikarekin ahalmen poetikoa sortzea, eta horrela benetakoa dena agertaraztea. Nolabait esateko, nonbait ezkutatuta zegoenaren berri ematen du presentziatik abiatuta, eta, horrez gain, keinu horretan ezagutza  bat ateratzen du, inguruaren ezagutza kritikoa, begirada aberasteko trebetasunetik. 

Belaunaldi oso baten itxaropenak eta porrotak, desioak eta etsipenak uztartzen dituzte bere argazkiek, pertsonen eguneroko pertsonala bailitzan. Dosi txikitan, apurka-apurka, abesti-single batek ere bere sakonean istorio zabala duelako. Erakusketa hau ekainaren 13ra arte bisitatu ahal izango da. 

Argazki Bileraren barruan oraindik ikusgai daude beste bi erakusketak maiatzaren 30era arte egongo dira zabalik. Hain zuen ere, Torre Luzea aretoan dagoen Txomin Riveraren Itsasoa, eta Sanz Enea kultur etxeko Hiriaren irudia. 1975 Karmelitak-Iñurritza eremua.