Jone Iruretagoienak 'Eklektiko' lana aurkeztuko du Azpeitian

Julene Frantzesena 2021ko mai. 13a, 16:00

Leire Agirrerekin batera Azpeitian eginiko sormen egonaldi baten emaitza da. Bihar beka jaso zutenen aurkezpen ekitaldia izango da, 16:00etan hasita.

2020an Azpeitiko sorkuntza beka jaso zuten eta horien laguntzarekin kultur proiektua gauzatu duten sortzaileek ostiralean aurkeztuko dituzte egindako lanak. Guztira, hamabi proiektu aurkeztu zituzten iazko deialdira, eta horietatik lau proiektu eta bi sormen egonaldi lagundu zituzten Azpeitiko Udalak eta Kultur Mahaiak. Horien artean, Jone Iruretagoiena zarauztarrak Leire Agirrerekin batera ondutakoa.

Beka eskuratu zuten sortzaile horiek bihar aurkeztuko dituzte proiektuak, 16:00etatik 20:00etara bitartean, Dinamoa sormen gunean eta Foru pasealekuko erakusketa aretoan. Lehen aurkezpena, hain justu ere, Iruretagoiena eta Agirreren Eklektiko lana izango da; Azpeitian egindako sormen egonaldiaren emaitza. Bi sortzaileek 4.000 euroko beka eskuratu zuten egonaldia gauzatzeko.