Ramadanaren bukaera ospatu dute goizean Orion

IƱigo Gaiton 2021ko mai. 13a, 18:00

Zarauzko eta inguruko herrietako ehundik gora musulman elkartu dira Orion errezoak egiteko. Apirilaren 12an hasi zen aurtengo Ramadana, eta atzo bukatu zen, astearterekin.

Gaur goizean, Ramadan amaierako festa egin dute musulmanek Orioko frontoian. Zortziak eta erdiak alderako dena prest zuten Orioko meskitako arduradunek, eta pixkanaka jendea juntatzen joan da. Denera ehun lagunetik gora elkartu dira, Oriokoak eta meskitarik ez duten inguruko herrietakoak —Aia, Zarautz, Getaria...—, eta bederatziak eta laurden aldera bukatu dituzte errezoak.  Normalean meskitan ospatzen dute Ramadanaren bukaera, baina izurriaren ondorioz, frontoira lekualdatzea beste aukerarik ez dute izan, osasun neurriek hala behartuta.

Ramadana, hilabete sakratua
Aurtengo Ramadana apirilaren 12an hasi zen, eta ohi bezala, 30 eguneko iraupena izan du. Orioko meskitakoek nabarmendu dute hilabete sakratua izaten dela, zentzu guztietan; bai fisikoki, baita espiritualki ere. Egun horietan guztietan, egunsentitik ilunabarrera arte musulmanek ez dute jan-edanik egiten, zigarrorik erretzen edo sexu harremanik izaten ere. Horrez gain, Korana maizago errezitatzen dute, eta pentsamendu onak izaten saiatzen dira.

Egutegi islamiarreko bederatzigarren hilabetean egiten da Ramadana. Egutegi gregorianoarekiko egun kopuruan duen desberdintasuna dela-eta, Ramadanaren hasiera eguna aldakorra da; datorren urtean apiril hasieran emango zaio hasiera, aurten baino hamar edo hamabi egun lehenago.