Hamar sarrera-irteera izango ditu hondartzak aurtengo udan

Amaia Urbieta Arruti 2021ko mai. 14a, 11:51
Xabier Txurruka alkateak eta Iban San Martin Zerbitzuetako zinegotziak eman dituzte azalpenak. (Amaia Urbieta Arruti)

Aurten ere ez da ez toldorik ezta hamakak gordetzeko zerbitzurik izango hondartzan. Moila, aldiz, zabalik egongo da. Hondartzako edukiera zainduta egongo da, eta horretarako iaz baino hiru sarrera-irteera gehiago jarriko dituzte.

Hilabete barru hasiko den uda denboraldiaren inguruko xehetasunak eman dituzte gaur goizean Xabier Txurruka alkateak eta Iban San Martin Zerbitzuetako zinegotziak. Aurtengoa ere, COVID-19a tarteko, ezohiko uda izango da eta, iazko moduan, udalak hondartzako edukiera zainduko du une oro. Txurrukak zehaztu du iazko edukieraren kontrola "hobetuko" dutela. Bide horretan, 2020ko esperientzia kontuan hartuta, sarrera-irteera gehiago kokatuko dituzte hondartzan: hamar izango dira aurten (zazpi jarri zituzten iaz). 2020koei Bañeru kalekoa, Matxitxako kalekoa eta Orixe kalekoa gehituko dizkiete. Malekoiaren gainontzeko zatiak eta Desertu Txikia hesituta egongo dira, eta sarrera-irteeretatik soilik ahalko da hondartzan sartu. Desertu Txikia iazko moduan egongo da itxita, eta malekoia modu "abegikorragoan" hesituko dutela jakitera eman du Txurrukak. Alkatearen hitzetan, iaz "oso epe laburrean" hartu behar izan zituzten erabakiak. Aurtengo udari begira, pentsatzeko denbora gehiago izan dutenez, "estetika" gehiago zainduko dutela jakitera eman du.

Toldorik eta hamaka zerbitzurik ez dela izango ere iragarri du Txurrukak, eta edukiera zaintzeaz arduratzeko lizitazio epea zabalik dago. Iaz tolderoak arduratu ziren zerbitzu hori eskaintzeaz, baina aurten lehiaketara atera dute zerbitzua; aste gutxi barru esleituko dute zeregina. Alkateak azpimarratu du beharrezkoa izango dela hondartzan paseatzen ibiltzeko musukoa jantzita eramatea, malekoian derrigorra den bezala. "Erabat barneratuta badaukagu zarauztarrok eta bisitariok malekoitik ibiltzeko derrigorrezkoa dela musukoa janztea, hondartzatik ibiltzeko ere derrigorrezkoa izango da, arriskua berdin-berdina delako", azaldu du.

Edukiera kontsultagai

Hondartzaren edukiera kontrolatzeko ardura izango duen enpresak zenbatu egingo du zenbat lagun sartzen diren hondartzara eta zenbat ateratzen diren bertatik. Beraz, zehatz-mehatz jakin ahalko da aurten ere zenbat jende dagoen hondartzan. Gehienez egon ahal izango den pertsona kopurua ez du zehaztu alkateak, aldatu egingo delako marearen arabera. Dena den, hondartzaren okupazioa kontsultatzeko aukera izango da zarautz.eus webgunean nahiz herriko sarrera nagusietan.

Moila zabalik

2020ko udan ez bezala, erabilgarri egongo da uda honetan moila, eta sorosle bat egongo da bertan. Hain zuzen, Iban San Martin Zerbitzuetako zinegotziak jakitera eman du sorospen zerbitzua "indartu" egingo dutela aurten. Uda denboraldiak iraun bitartean egongo da martxan zerbitzu hori: ekainaren 15etik irailaren 15era. 21 sorosle egongo dira hondartzan lanean "une oro". Horretarako, sei gunetan banatuko dira, eta hala, "segurtasuna bermatuta" egongo dela adierazi du zinegotziak. Zerbitzu horretara bideratutako diru partida ere handitu egin dutela azaldu du San Martinek: 590.000 eurokoa izan zen partida iaz, eta 611.000koa aurten.