Udalak LGTBIfobiaren Aurkako Egunarekin bat egin du

Amaia Urbieta Arruti 2021ko mai. 15a, 09:00

Aurten ere banderak jarriko dituzte hainbat eraikinetan, baita Emakumeen* Etxearen aurreko plazan ere. 

Etzi, maiatzaren 17an, LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna izango da. 1990eko maiatzaren 17an Osasunaren Mundu Erakundeak atera egin zuen homosexualitatea gaixotasunen zerrendatik, eta hori dela-eta ospatzen da egun hori harrezkero. 

Zarauzko Udalak bat egingo du egun horretako aldarriekin, eta jakitera eman du Berdintasun Sailak lanean jarraitzen duela ildo horretatik, Urola Kostako Hezkidetza Foroaren barruan. Aurten, Berritzeguneak unitate didaktikoak banatu ditu ikastetxeetan, LGTBIfobiaren egunaren bueltako balioak lantzeko. Urtero bezala, ikastetxeek eta udalek Naizena naizela onartua leloa daramaten pankartak jarriko dituzte beren eraikinetan "kolektibo hori ikusarazteko eta errespetuz aske bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko". Aurten, gainera, Emakumeen* Etxea dagoen plazan ere jarriko dituzte banderatxoak. 

Filma Modelon

Maiatzaren 17ko aldarrien harira, Call me by your name filma eskainiko dute Modelo aretoan maiatzaren 21ean, datorren ostiralean.