Xabier Egañaren eskutik, Iñurritzako hainbat artelan ezagutu dituzte Udaberriko kideek

Dorleta Agiriano Lai 2021ko mai. 15a, 10:00
(ArtEgaña)

Udaberri Jubilatuen Elkarteko kideek bisita gidatua egin dute Xabier Egañarekin, "Iñurritzako ondare artistikoaren parte diren" zenbait lan ezagutzeko eta horien inguruan hausnartzeko.

ArtEgaña elkarteak jakinarazi duenez, hilabete hasieran bisita gidatu berezia izan zen Iñurritzan. Xabier Egaña artistak gidatuta, Udaberri Jubilatuen Elkarteko hainbat kide elkartu ziren auzoan, "Iñurritzako ondare artistikoaren parte diren artelan batzuetaz gozatzeko, horiek ulertzeko eta hausnarketa egiteko". Lehenago egitekoa zen bisita, baina atzeratu egin behar izan zen pandemia zela eta.

Arte garaikideko zenbait lanen inguruko azalpenak eman zizkien Egañak Udaberriko kideei. Jorge Oteizaren Bertsolari eskulturaren aurrean geratu ziren (argazkian ikus daiteke) horren inguruan hitz egiteko, eta Egañak berak Salbatore Mitxelenaren omenez sortutako murala ere izan zen geralekuetako bat. Ikastolaren atzeko aldean dago ikusgai artelana.

Bestalde, San Pelaio elizara sartu ziren bisitan. Egañarenak dira elizako horma-pinturak eta altzariak; esaterako, aldarea, anboia, egoitza, sagrarioa eta bataiarria, eta horiek guztiak izan zituen aztergai Udaberriko kideekin. "Beren indar eta harmoniagatik harritzen gaituzte eta egilearen ibilbidearen adibide esanguratsuak dira", dio ArtEgañak San Pelaio elizan ikus daitezkeen artelanei buruz.