Azken orduetan 482 kasu berri baieztatu dituzte Hego Euskal Herrian

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2021ko mai. 15a, 13:04

11.198 proba diagnostiko egin zituzten atzo Hego Euskal Herrian, eta positibotasun tasa %4,6koa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %3,3koa Nafarroan.

Eusko Jaurlaritzak eta Osasunbideak argitaratu dituzte koronabirusaren bilakaerari buruzko txostenak. Horietan jaso dutenez, atzo, 11.198 proba diagnostiko egin zituzten Hego Euskal Herrian: 8.929 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 2.269 Nafarroan. Horietatik, 482 positiboak izan ziren.

Alde batetik, 407 kasu berri atzeman zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: 37 Araban, 221 Bizkaian, 144 Gipuzkoan eta beste erkidego edo toki batzuetako 5 kasu. Hala, %4,6koa da positibotasun tasa hiru lurralde horietan. Nafarroan, berriz, 75 positibo hauteman zituzten eta %3,3koa da positibotasun tasa.

Ospitaleen egoerari dagokionez, COVID-19aren ondorioz 61 pertsona ospitaleratu zituzten atzo Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erietxeetan, eta 145 pertsona daude ZIUn. Nafarroan, berriz, bost lagun ospitaleratu dituzte azken orduetan.