Nerea Isusi bertsolariak hilaren 28an jokatuko du Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketako finala

Dorleta Agiriano Lai 2021ko mai. 16a, 10:30

Atzo izan zen sariketako azken kanporaketa, eta Uxue Ostolaza zarauztarrak ez zuen sailkatzea lortu. Erabakita geratu da finaleko seikotea, beraz, eta tartean dago Nerea Isusi. Hilaren 28an izango da finala, Urnietan.

Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez, erabakita dago jada Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketako finalerako seikotea. Hain zuzen, Nerea Isusi zarauztarra, Amets Aizpurua getariarra, Joar Garate zumaiarra, Naia Arrizabalaga azkoitiarra, Ekain Tolaretxipi eta Jon Mendiluze ariko dira txapela eskuratzeko azken lehian. Isusik hilabete hasieran lortu zuen finalerako sailkatzea, Asteasuko kanporaketan.

Atzo jokatu zuten laugarren eta azken kanporaketa Arrasaten, eta saioa irabazita, orduan eskuratu zuen finalerako azkeneko txartela Aizpuruak. Uxue Ostolaza zarauztarra ere aritu zen kanporaketa horretan, baina ez zuen azken lehiarako sailkatzea lortu.

Maiatzaren 28an izango da finala, 19:00etan Urnietako Saroben. Bertaratzeko asmoa dutenek gonbidapen txartela hartu beharko dute bertsozale.eus atarian, ondoko lotura honetan.