Jira-Birak bideo bidez aurkeztu du hurrengo sasoirako taldea

Dorleta Agiriano Lai 2021ko mai. 17a, 15:30

Gaur egun Jira-Biran aritzen diren txirrindulari guztiei proposatu diete taldean jarraitzea, eta beste lau kide ere batuko dira. Hurrengo denboraldian ere bi zarauztar izango dira 23 urtez azpiko taldean.

Jira-Bira txirrindularitza taldeak aurten ez du jendaurrean aurkeztuko hurrengo denboraldirako taldea. Osasun egoera dela eta, ekitaldi bidez egin ordez, bideo bidez jakinarazi du zein txirrindularik osatuko duten 23 urtez azpiko taldea datorren sasoian. Bideoan hitza hartzen dute, esaterako, taldeko hainbat txirrindularik, Ismael Etxarri Jira-Birako managerrak nahiz Igor Gonzalez de Galdeano taldeko prestatzaile fisikoak.

Txirrindularitza klubak jakinarazi duenez, denboraldi honetan taldea osatu duten kide guztiei (23 urtez azpiko kategorian jarraitu ahal dutenei, behintzat) eskaini diete Zarautzen jarraitzea, eta guztiek eman dute baiezkoa. Horiez gain, lau ziklista batuko dira taldera hurrengo denboraldian: Julen Garcia, Eder Camino, Hodei Murcia eta Unai Cueva. Garcia amurriarrak hirugarren urtea izango du 23 urtez azpiko kategorian, eta Aiarabike taldean ekin zion denboraldi honi. Camino, Cueva eta Murcia jubenilak, aldiz, aurrenekoz arituko dira kategorian; aurrenengo biak iaztik dira Jira-Biraren parte.

Ondorengo txirrindulariek jardungo dute Jira-Birako 23 urtez azpiko taldean 2021-2022 denboraldian:

  1. Gaizka Gurrutxaga (Aizarnazabal). Hirugarren urtea kategorian.
  2. Haritz Erasun (Zarautz). Hirugarren urtea kategorian.
  3. Iñigo Eizagirre (Zarautz). Bigarren urtea kategorian.
  4. Andoni Azkarate (Arrasate). Hirugarren urtea kategorian.
  5. Alex Uranga (Zestoa). Bigarren urtea kategorian.
  6. Asier Azkarate (Arrasate). Hirugarren urtea kategorian.
  7. Julen Garcia (Amurrio). Hirugarren urtea kategorian.
  8. Joseba Lopez (Gasteiz). Hirugarren urtea kategorian.
  9. Unai Cueva (Oñati). Lehenengo urtea kategorian.
  10. Patxi Darthayette (Baiona). Laugarren urtea kategorian.
  11. Eder Camino (Laudio). Lehenengo urtea kategorian.
  12. Hodei Murcia (Gasteiz). Lehenengo urtea kategorian.
  13. Santiago Mesa (Medellin, Kolonbia). Bosgarren urtea kategorian.
  14. Jon Ibarluzea (Eibar). Hirugarren urtea kategorian.
  15. Santiago Martinez (Pereira, Kolonbia). Laugarren urtea kategorian.