Zapla bertsolari gazteen zirkuituko saioa egingo dute Zarautzen

Andoni Elduaien 2021ko mai. 19a, 15:47

Aner Peritz bertsolaria.

Zarautzen saio musikatua egingo dute Torreoian. Dagoeneko eskuratu daitezke bertso saiorako sarrerak Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen webgunean. Aner Peritz zarauztarrak parte hartuko du zirkuituan.

Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak Zapla bertsolari gazteen zirkuitua antolatu du bederatzi bertsolari gazterekin eta horien bertso eskolekin elkarlanean, bertsolari gazteen plazaratzea sustatzeko asmoz. Bertsolari horien artean da Aner Euzkitze zarauztarra. Euzkitzek Hernanin egingo duten saioan parte hartuko du –ekainaren 12an–, baita Legazpin ere –ekainaren 25ean–.

Bertso zirkuituko saio bat egingo dute Zarautzen. Ekainaren 18an izango da saio musikatua, Torreoian, 18:30ean; Asier Ibarguren, Ane Beloki, Oihana Arana eta Beñat Gaztelumendi bertsolariak arituko dira bertsotan.

“Behin Eskolarteko Txapelketa bukatuta, plazaz plazako jardunera iritsi arteko etapan dauden bertsolari gazteek, sarri norbere bertso eskolak antolatutako saioetan kantatzeko aukera izaten dute, baina hortik kanpoko zirkuituan sartzea kosta egiten da”, azaldu du Bertsozale elkarteak. Plazaratze prozesu horretan dauden bederatzi gaztek hainbat bertsolarirekin trukatutako esperientzietatik sortu da Zapla, eta asmoa da gazteek plazan dabiltzan bertsolariekin kantatzeko aukera izatea. 

Guztira hiru formatu desberdinetako sei saio antolatu ditu Bertsozale Elkarteak Eskoriatzan, Azkoitian, Hernanin, Zarautzen, Legazpin eta Beasainen, tokian tokiko bertso eskolekin elkarlanean. Zarauzko saiorako gonbidapenak eskuratu daitezke, hemen. Gonbidapenak eskatzen dituenak gehienez bi sarrera eskuratu ahal izango ditu.