Izena eman daiteke Udaleku Irekietan

Aritz Mutiozabal 2021ko mai. 19a, 17:25

Udaleku Irekiak Zarautzen. (Zarauzko Udala)

Maiatzaren 28an bukatuko da izen-emate orria betetzeko epea. Aurten, Gurmendi kaleko Lizardi Institutuko instalazioetan aurrera eramango dituzte saioak.

Udaleku Irekiak antolatuko ditu udalak uztailerako eta abuzturako, LH1etik LH6era arteko haurrei zuzenduta, eta dagoeneko izena eman daiteke. Modu telematikoan bete beharko da izen-emate orria, eta horretarako azken eguna maiatzaren 28 izango da, ostiralarekin.

Leire Arana Hezkuntza zinegotziak jakitera eman duenez, aurten Gurmendi kaleko Lizardi Institutuko instalazioetan egingo dituzte Udaleku Irekiak. Iaz talde guztiak espazio berdinean bateratzeko erabakia hartu zuen udalak, eta  Orokieta Herri Eskolan gauzatu zituzten. Aurten, ordea, Orokietako patioa eraberritzeko lanak direla medio, Lizardi Institutuan antolatuko dira.

Bi txandatan banatu dituzte udalekuak: lehena, uztailaren 1etik 30era izango da, eta 86,35 euro balioko du; eta bigarrena, abuztuaren 2tik 13ra eskainiko dute, eta 43,20 euro kostatuko da. Bi hilabeteetako prezioa 129,55 eurokoa da. Ordutegiari dagokionez, astelehenetik ostiralera izango dira, 10:00etatik 13:00etara.