Haurrentzako euskarazko bost film emango dituzte, Zinemazale Berriak programaren barruan

Zarauzko Hitza 2021ko mai. 20a, 10:30

Igande eguerdian izango dira emanaldiak Modelo aretoan, maiatzean eta ekainean, 2,90 euroko sarrerarekin. Lehengo saioa aste honetan izango da, eta Maya erlea. Ezti jokoak eskainiko dute.

Zinema aretoetara publiko berria erakartzeko asmoz, EZAE Euskadiko Zine Aretoen Elkarteak Zinemazale Berriak programa abiatu du, eta hil honetatik aurrera, euskarazko filmak eskainiko ditu hainbat euskal aretotan, asteburuetan, goizez eta prezio berezian. Modelo aretoa horietako bat izango da, hain zuzen ere.

Egitasmoarekin zinema aretoetara joateko ohitura sustatu nahi dute; pandemiaren ondorioz ikusleen kopuruak behera egin du, eta ondorio horiek arintzea dute xede. Baina hori ez da programaren helburu bakarra: euskarazko filmen aldeko apustua egin nahi dute, 2012tik abian den Zinema Euskaraz ekimenarekin bat eginez.

Zarautzen haurrentzako bost film eskainiko dituzte igande honetatik hasi eta ekainean zehar. Emanaldiak igandeetan izango dira –salbuespen bakarra maiatzaren 29koa izango da–, 12:00etan, eta sarrerak 2,90 euroko prezio sinbolikoa izango du. Udazkenean, urrian eta azaroan, egitasmoari jarraipena emango diotela jakinarazi dute udaletik.

Hauek izango dira Modelon emango dituzten filmak:

  • Maiatzak 23: Maya erlea. Ezti jokoak

  • Maiatzak 29: Paddingtong 2

  • Ekainak 6: Asterix, edabe magikoaren sekretua

  • Ekainak 13: Nur eta herensugearen tenplua

  • Ekainak 20: Ballerina