Bazkideentzako bidaiak antolatu ditu Udaberri Jubilatuen Elkarteak

Amaia Urbieta Arruti 2021ko mai. 21a, 15:00

Datorren udazkenean Frantziako Loira eskualdera nahiz Kanaria Handira bidaiak antolatu ditu Udaberrik. Maiatzaren 24tik aurrera egin ahalko da erreserba.

Udaberri Jubilatuen Elkarteak bi bidaia antolatu ditu datorren udazkenerako, Barcelo bidaia agentziarekin elkarlanean. Azaldu dute urritik aurrera pandemiaren egoera "askoz kontrolatuagoa" izatea aurreikusten dela, eta horrelako bidaiak "normaltasun handiagoz" eta "une horretan indarrean dauden osasun neurriekin" egingo direla. 

Batetik, urriaren 2tik 9ra Loirako (Frantzia) gazteluetan zehar ibilaldia antolatu dute, La Rochelle, Tours eta Loira eskualdeak ezagutzeko, baita bertako gaztelurik esanguratsuenak ere. Bestetik, Kanaria Handira (Espainia) bidaia ere antolatu dute, azaroaren 5etik 14ra. "Erlaxatzeko eta lasai egoteko" bidaia izango da, eta uharte barruko bisitaren bat ere izango dute aukeran. Maiatzaren 24tik aurrera egin ahalko da bidaietarako erreserba.

Udaberriko bazkideentzat prestatutako bidaiak badira ere, elkarteak gogorarazi du plaza libreak geratuz gero zabalik uzten direla. Bidaien inguruko xehetasun gehiago eskuragarri dago elkartearen web orrian. Horrez gain, informazioa zuzenean jaso daiteke Udaberriren bulegora edo Zarauzko Barcelo Bthetravelbranden bidaia agentziara jota.