Beheranzko joerarekin jarraitzen du beste astebetez

Julene Frantzesena-Aritz Mutiozabal 2021ko mai. 21a, 13:40

Atzotik eremu horian dago Zarautz, eta 291,26ra jaitsi da intzidentzia tasa. Astebetean 22 kasu hauteman dituzte, aurreko astekoaren erdia. 

Astetik astera COVID-19aren hedatze datuek hobetzera egiten ari dira nabarmen Zarautzen. Azpimarragarria da hartu duen beheranzko joera: duela hiru aste atzemandako positibo kasuak 135 ziren, duela bi aste 62 , joan den astea 46 eta aste honetan, berriz, 22. Osasun Sailak azken astean atzemandakoen artean, atzo kontatu zituen kopuru gehien, sei kasurekin. Intzidentzia tasa ere dezente jaitsi da –462,59koa zen aurreko astean, eta orain 291,26koa da–, eta eremu horira igaro da herria.

Urola Kostan, guztira, 31 kasu zenbatu dituzte azken orduetan. Herenegungo datuekin alderatuz gero, atzemandako positibo kopurua bikoiztu egin da; izan ere, herenegun hamahiru positibo zenbatu zituen Osakidetzak eskualdean egindako PCR eta antigeno probetan, eta atzo egindakoetan, berriz, 31 atzeman zituen. Azpeitian detektatu dituzte horien herenak: hamar kasu. Gainerakoak, honako herri hauetan: Azkoitian eta Zarautzen seina, Errezilen eta Zestoan hiruna eta Getarian bat.

Gipuzkoa osoan bi herri baino ez daude eremu gorrian, eta horietako bat da Azkoitia –Tolosa da bestea–. Eremu gorritik ezin irtenda jarraitzen dute herri horretan: 559,13 da hango tasa –400dik jaitsi behar da eremu gorritik ateratzeko–. Azpeitia, berriz, eremu horitik laranjara igaro da azken orduetako positiboak tarteko: 315,37 da hango intzidentzia tasa. 5.000 biztanletik gora gainerako eskualdeko herriak eremu horian dira, eta 5.000tik beherakoen artean Errezil da tasa altuena duena: 1.288,24 da hango tasa.

Hego Euskal Herrian ere gora egin du positiboen kopuruak. Hego Euskal Herrian 9.435 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo, eta horietan 468k eman zuten positibo –412k herenegun–. Horietako gehienak Bizkaian atzeman zituzten 233; Gipuzkoan, 133; Nafarroan, 72; Araban, 27; eta lurralde horietatik kanpo bizi diren hiru lagunek ere eman zuten positibo. Gaur-gaurkoz, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako positibotasun tasa %5,1 da, eta %4,2 Nafarroakoa.

Ospitaleetako egoera hobera ari da egiten, pixkanaka bada ere. Atzo 44 lagun ospitaleratu zituzten Osakidetzaren ospitaleetan. Orotara, 226 lagun –herenegun baino hamazazpi gutxiago– zeuden ospitaleratuta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan, eta horietatik 130 zeuden ZIUetan –herenegun baino bat gutxiago–.