'Epizentroa' narrazio bilduma argitaratuko du Nerea Loiolak

Aritz Mutiozabal 2021ko mai. 23a, 10:00

Zazpi istorioz osatuta dago, eta Erein argitaletxearen babesean kaleratuko da. Ekainaren 7an aurkeztuko dute Donostian.

Literatur alorreko bere lehen liburuak –Harri bat poltsikoan (2018) eta  Azken lanhütarra (2019)– haur eta gazteei zuzendutakoak izan badira, oraingoan helduentzako narrazio bilduma batekin dator Nerea Loiola idazlea. Zazpi ipuinez osatuta dago, eta ipuinetako batek ematen dio izenburua liburuari: Epizentroa.

Norbere buruan errotzen diren erabakien eta erabaki horiek benetan gauzatzearen artean dagoen amildegian kokatzen dira sarri bere ipuinetako pertsonaiak. Erabakitakoa adierazi, ekin edo norbere burua aldatzearen borondatearen eta borondate hori gauzatzeak dakarren bertigoaren ataka zailean, alegia. Loiolak gai ugari ukitzen ditu bere istorioetan: maitasuna, desioa, sexua, gurasotasuna, zoriontasunaren eraikuntza eta nahiak-ardurak-ezinak, besteak beste. Giza harremanen ardatzaren jiran dabiltzan kontakizunak dira, xehetasunari eta keinuari adi daudenak.

Bere aurreko bi lanak bezala, Epizentroa ere Erein argitaletxearekin plazaratuko du. Aurkezpen ofiziala ekainaren 7an egingo dute, astelehenarekin, Donostiako Udal Liburutegian, 11:00etan hasita.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide