Hamaika hizkuntza bizilagunen artean

Aritz Mutiozabal 2021ko mai. 22a, 09:00

Kultura Aniztasunaren Egunaren harira, kulturarteko irakurketa egin zuten atzo Zinema pilotalekuan. Herriko kultura ezberdinak erakutsi eta balioa emateko egitasmoa izan zen, eta, besteak beste, hassania, wolofa, quechua, bulgariera, georgiera, ukraniera, frantsesa eta txinera entzuteko aukera izan zen beste herrialdetako zarauztarren ahotik.

Ongi Etorri Eskolara proiektuko Esti Iregik gidatu zuen ekitaldia, eta irakurketekin hasi aurretik, Jesus Arana alkateordeak eta Gizarte Politiketako zinegotziak harrera egin zien bertaratutako guztiei bere hitz hartzean. Motxian bertso eskolako Aitor Urbietaren eta Oier Aizpuruaren bertsoen ondoren, herriko hainbat elkarte, erakunde eta ikastetxetako ordezkariek herrian hitz egiten diren 45 hizkuntzen lagin zabala plazaratu zuten; norbere herrialdetako ipuin, olerki nahiz kantuen bidez,  jatorrizko hizkuntzan aritu ziren lehenik, eta ondoren euskaratuta entzuteko parada izan zen kasu gehienetan. Irakurketa horiek jarraitu ahal izateko, eskuliburuak ere banatu zituzten bertaratu zirenei.