Aurrera egin du Zarautzek herriarteko txapelketan

Amaia Urbieta Arruti 2021ko mai. 22a, 15:00

Final zortzirenen fasea gainditu du Zarautzek. Orioren aurka jokatzekoak ziren iragan ostegunean, baina, tamalez, ezin izan ziren jokatu partidak Orioko fitxa kopurua ez zelako gutxienekora iristen.

Gomazko paleta kategorian lehiatzen dihardu Zarautzek Herriarteko Pilota Txapelketan. Aurreko astean hasi zuen lehia Orioren aurkako joaneko hiru partidarekin, eta nagusi izan zen jardunaldi hartan Zarautz. Itzulerako partidak ostegunean jokatzekoak ziren Orion, baina, tamalez, jokatu gabe egin du aurrera Zarautzek. Pilota Sailak azaldu duenez, Orio ez da iritsi azken jardunaldian gutxieneko fitxa kopurura, beraz, ezin izan du txapelketan jarraitu. 

Hala, final laurdenetarako sailkatu da Zarautz, eta hurrengo jardunaldian Amasa-Villabonaren aurka edota Anoetaren aurka neurtu beharko ditu indarrak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide