Mikel Rotaetxe: "Zaila da adin txikikoen kanporatzeak gertutik jarraitzea, oso ezkutuan egiten direlako"

Amaia Urbieta Arruti 2021ko mai. 23a, 09:00

Rotaetxe lanean, errefuxiatu talde batekin. (Utzitakoa)

Ceutan (Espainia) gertatzen ari zenak titular guztiak hartu zituen astearen hasieran. Marokoko Gobernuak poliziak eta mugazainak erretiratu zituen herrialdeak hiri horrekin daukan mugatik, eta, ondorioz, milaka marokoarrek igaro zuten muga oso denbora tarte txikian. Hamaika kazetari ibili dira Ceutan egunotan gertatutakoaren berri ematen; horietako bat da Mikel Rotaetxe zarauztarra, Euskadi Irratiko berri emailea. Han ikusitakoak azaldu dizkio Zarauzkohitza.eus-i.

Noiz eta zergatik erabaki zenuten hara joatea?

Astearen hasieran albisteak tantaka ari zirela iristen ikusten hasi ginen. Guk fokoa beste nonbaiten geneukan jarrita une hartan, baina errealitateak aurrea hartu zigun, eta albistearen tamainaz ohartuta, hara joatea erabaki genuen. Astearte goizean hartu genuen erabakia, eta arratsalde-gau partean heldu ginen Ceutara.

Zer topatu zenuten hara iristean?

Hasteko, hiri oso militarizatua topatu genuen. Algecirasera [Andaluzia, Espainia] heltzerako autopistan ohi baino furgoi militar gehiago ikusten ziren, eta ikusten zen egoera ez zela oso ohikoa. Ceutan zeuden Espainiako lurreko armada, Guardia Zibila, Polizia Nazionala... militarren eta poliziaren kotxeak baino ez genituen ikusten iritsi ginenean. Gaua zen, eta ez geneukan ikuspegi panoramiko osoa. Dena oso ilun zegoen, baina kalean jende pila bat ikusten zen noraezean, musukorik gabe gehienak. Mugara gerturatzea izan zen egin genuen lehenengo gauza. Tarajal izeneko hondartzan dago muga; imajinatu Zarauzko hondartzaren erdian hesi bat egotea. Alde bat Ceuta da, eta bestea Maroko; bat Europako Batasuna da eta bestea Maroko. Migratzaile gehien-gehienek gu iritsi bezperan zeharkatu zuten muga artifizial hori, eta kuriosoa zen, ikusi baino entzun egiten zela istilu izugarria mugaz bestalde. Laburbilduta, militarren eta poliziaren presentzia ikaragarria topatu genuen, jendea noraezean ere bai eta egoera oso muturrekoa zen; kontuan izan behar da, gainera, Ceuta herri txikia dela, eta egun batetik bestera 8.000 pertsona iritsi zirela.

Zer gertatu zen hurrengo egunetan?

Muga irekitzearen ondorioz, 8.000-10.000 pertsona pasatu dira Marokotik Ceutara. Krisi egoera erabatekoa suposatzen du horrek. Imajinatu egun batetik bestera Zarautzen 2.000 lagun berri edukitzea, asko adin txikikoak, aterperik eta dirurik gabe. Izugarrizko krisi humanitarioa da. Adin txikikoei lehendabizi aterpea eman behar zaie, beraz, automatikoki, hasten dira barrakoi moduko bat atontzen hondartzaren ondoan, eta denak hara eramaten hasten dira. Helduak, poliziak edo armadak harrapatu bezain pronto, Marokora itzultzen dituzte. Kanporatuak izaten dira ahal bezain pronto. Kontua da Marokoko mugazainak, Errege Gendarmeria izenekoak, erretiratuta daudela. Orduan, Espainiako poliziak mugaz bestalde ez zeukan norekin hitz egin. Oso egoera ezohikoa izan da. 

Adin txikikoei aterpea ematen dieten bitartean, adin nagusiko nahiz adin txikiko asko geratzen dira kale gorrian. Ez dute nora joan, ez dute non lo egin, eta Ceuta osoan zehar sakabanatuta daude bide bazterretan, parkeetan, hondartzan... Horrez gain, jendeak tantaka itsasotik iristen jarraitzen du. Horrek horrela jarraitu zuen Marokok erabaki zuen arte berriro mugara polizia bidaltzea. Herrialdea berriro gotortzean eragina berehalakoa da, ez delako jende gehiago iristen, eta Ceutatik jende gehiago kanporatzen hasten direlako. Orduan, kalean polizia jendea atxilotzen ikusten genuen.

Eta adin txikikoekin zer gertatzen da?

Berez adin txikikoak ezin dira kanporatu, baina hala egin dute, lehen unetik. Hori guk gure begiz ez dugu ikusi, kanporatze horiek ezkutuan egiten direlako, baina baieztatu digute. Hasteko, migratzaileek beraiek. Batek kontatu zigun bere 13 urteko lehengusua bota egin dutela. Gizarte langileek eta boluntarioek ere, migranteekin harreman estuagoa daukatenek, esan digute kanporatzen ari direla. Eta konfirmazioa erabatekoa da bi militarrek ere baieztatzen digutenean. "Hemen 13, 14 edo 15 urteko jendea kanporatzen ari gara, inolako erreparorik gabe", esan ziguten. Garbi esan behar da hori legez kanpokoa dela. Adin txikikoak zaurgarriak dira, ezin dituzu besterik gabe bueltatu. Nora bueltatuko dituzu? 13 urteko ume bat utziko duzu mugaren beste aldean, besterik gabe?

Espainiako Gobernuak ukatu egin du kanporatze horiek egin izana. 

Ukatzen aritu dira, bai, legez kanpokoa delako. Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioaren kontrako praktika da, eta Marokok eta Espainiak sinatu duten Migrazio Itunaren kontrakoa ere bai, adin txikikoei aterpea ematera konprometitzen direlako. Kasu honetan, Espainia eta Maroko nazioarteko araudia eta beraiek idatzi eta sinatutako dokumentu bat urratzen ari dira. Marlaskak [Espainiako Defentsa ministroa] esan dezake nahi duen guztia, baina egia da Ceutan adin txikikoak kanporatzen ari direla. Gainera, ez da gauza bera 6 urte dituen eta 1,30 zentimetro neurtzen duen mutiko bat, edo 1,7 zentimetroko 16 edo 17 urteko gizon itxurako bat. Biak dira adin txikikoak, baina bertan argi eta garbi esaten ziguten: "Zuk 16 urte baldin badauzkazu eta gizon itxura, ez zaizu denbora asko geratzen hemen". Sistema hori da. Oso zaila da guretzat gertutik jarraitzea eta hori agerian uztea, oso ezkutuan egiten dutelako. Baina lekukotzak badauzkagu, krisiaren protagonistenak, kalean daudenenak.

Aparteko trabarik eduki duzue zuen jardunerako? 

Egia da mugatik gertu zaila dela migratzaileekin hitz egitea, militarrek jardun hori galarazi egiten dizutelako. Baina, gezurra badirudi ere, oso erraza izan da lekukotzak lortzea. Zentzu horretan, oso eskertuta gaude jende askok zabaldu digulako bihotza eta burua. Migratzaileek hitz egiteko gogoa daukate, beren istorioa kontatzekoa, baita boluntarioek eta gizarte langileek ere. Eta gezurra badirudi ere, erraza izan da militarren partetik informazioa lortzea. Beraiek aitortu digute legez kanpoko zerbait ari direla egiten. Adin txikiko asko etortzen dira, eta ez dakite ez gazteleraz, ez ingelesez, ezta frantsesez ere; arabieraz soilik hitz egiten dute. Guk haiekin komunikatzeko zailtasunak ditugu, baina Ceutako herritar ugari topatu ditugu guri laguntzeko prest.

Kazetari gehienak joan zarete handik dagoeneko, zu ere itzuli zara, baina arazoak han jarraitzen du.

Bai, hori da tristeena. Bizpahiru egunez Ceuta komunikabidez betetzen da, fokoa han dago eta denok bertan gaude. Baina gero desagertu egiten gara, bagoaz. Tamalez, askotan ez duzu jakiten noiz arte geratu beharko zinatekeen. Seguruenik denbora gehiago geratu behar genuen, baina momenturen batean bueltatzea erabaki behar duzu. Komunikabiderik gabe, han begi gutxiago daude. Penagarria da komunikabide gehienok alde egin izana handik. Zeinek kontatuko du han gertatzen dena? Ceutan herri komunikabide oso indartsuak daude, eta lan ikaragarria ari dira egiten, baina gehientsuok joan egin gara. Tamalez horrela da, baina espero dezagun gertatu dena ez dela ahanzturan eroriko.

Mikro gutxiago, lekuko gutxiago, batez ere, bertako protagonista zaurgarrienei ahotsa emateko eta beren istorioa kontatzeko. Azkenean, zenbat eta begi gutxiago, askatasun handiagoa egongo da legez kanpoko praktikak egiteko. Hedabide izugarri egon gara han, eta hala ere, legez kanpoko praktikak egin dira, pentsa gu ez bagaude zer egingo duten. Ez dut uste gu bertara bizitzak salbatzera goazenik, ez suteak itzaltzera, ezta mirariak egitera ere. Baina bagoaz jendeari ahotsa ematera, errealitate zehatz batzuk azpimarratzera eta gaizki egiten dena nabarmentzera. Kaleratze horiek ez dira doakoak, ordaindu egiten dira, eta ordaintzen dira gure diruarekin, Hego Euskal Herriko herritarren diruarekin. Orduan, hor egon behar dute begiek, mikroek, kamerek eta grabagailuek. Agerian uzteko hori guztia. 

Pasio handiz hitz egiten duzu handik jasota ekarritakoaz. Markatu egin zaitu nolabait?

Noski baietz, ez gara robotak. Lanean ari zarenean saiatzen zara distantzia pixka bat mantentzen, emozio asko ditugunok ezingo genukeelako lana behar bezala egin bestela. Markatzen zaitu oso istorio pertsonalak ezagutzen dituzulako eta errealitate oso gordinak ikusten dituzulako. Esate baterako, edozein zarauztar izan zitekeen 15 urteko mutiko bat, amorruaren amorruz negar batean, itsasotik ateratzen, lurreko armadako bi soldaduk besoetatik heltzen zioten bitartean. Nik pentsatu nuen mutil hori nire lehengusuaren adinkidea dela. Noski hunkitzen zaituela. Egoera oso bidegabeak ikusten dituzu.

Batez ere adin txikikoen egoerak ukitzen nau. Imajinatzen dut nire burua 13 urterekin egoera horretan, eta ez dakit kudeatzerik izango nukeen. Azkenean, inor ez dago prest horrelako egoerari aurre egiteko, baina 25 urte baldin badauzkazu, agian, burua prestatuago daukazu. 12-13 urterekin inor ez dago prest gurasoak atzean utzi, beste herrialde batera pasatu eta kale gorrian bakarrik egoteko. Ikusten dituzu begirada batzuk, jasotzen dituzu testigantza batzuk... ume edo nerabe batek pasatu beharko ez lituzkeenak.

Era berean, horrelako egoeretan ikusten duzu jendearen onena. Esate baterako, umorea ikusten duzu migratzaileen artean. Egoera horren larriaren erdian, badaukate irribarre baterako tartea. Nabarmendu nahiko nuke Ceutako herritar askoren konpromisoa ere. Ez denena, bi Ceuta daudelako, baina herritar musulmanen inplikazioa izugarria izan da. Herritarrak antolatu egin dira ogitartekoak, aterkiak, jantziak eta abar emateko nahiz otorduak prestatzeko... Azken finean, Ceutako zein Marokoko herri musulmanek komunitate bat osatzen dute, eta izaera hori hor dago, nahiz eta erdian hesi bat egon. Horrelako egoerek laguntzen dute zure arazoak erlatibizatzen. Bertan izan ditzakezun arazo teknikoak, edo iturri batek huts egiten dizula... berdin dio. Zu hor ez zara ezer, ikusten duzulako benetan zein den errealitate gordina.

Santiago Abascal, Vox alderdiko burua, bertan izan zen adierazpenak egiten, eta Twitterren jarri zenuen ez zeniola mikrorik luzatuko berari. 

Ez, inondik inora ere ez. Bera ez da krisi horren protagonista, eta nik drama humanitario bati errenta politikoa atera nahi dion pertsona bati ez diot sekula mikroa sartuko. Zentzu horretan oso harro nago, bertan geundelako EiTBko hiru komunikabide, eta argazki horretan [Abascal adierazpenak egiten agertzen den argazkia] ez delako gure mikrofonorik ikusten. Gure mikrofonoak ez dira inoiz izango arrazakeriaren, xenofobiaren eta gorrotoaren transmisore. Guk horretan ez dugu lagunduko, errealitatea distortsionatzea delako. Protagonista ez da bera, protagonista da muga gainditu duen 13 urteko ume bat, ez herritarrak zatitu, gorrotoa astindu eta nahasmahas horretatik botoak irabazi nahi dituen ultraeskuneko pertsona bat. Jakin egin behar da nori ematen zaion ahotsa eta nori ez, eta gizon hau da ultraeskuineko agintari fanatiko bat. Guk argi daukagu Abascali ez diogula mikrorik jarriko. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide