Zabalik dago gizarte ekintzetarako dirulaguntzak eskatzeko epea

Amaia Urbieta Arruti 2021ko mai. 23a, 12:00

Irabazi asmorik gabeko gobernuz kanpoko edozein elkartek eskatu ahalko ditu dirulaguntzak, baldin eta bere jarduera oinarriekin bat badator. Ekainaren 13ra arte egongo da zabalik eskabideak aurkezteko epea.

Udaleko Gizarte Zerbitzuen departamentuak eskaintzen dituen gizarte ekintzetarako dirulaguntzak eska daitezke. Laguntza horiek elkarteen funtzionamendurako nahiz elkartearen jardueraren xede diren kolektiboei zuzendutako zerbitzuak garatzeko emango dira. Horrez gain, laguntzak eman ahalko dira Gizarte Zerbitzuek beraien jardunean antzemandako premia zehatzak konpontzeko eremuetara zuzendutako zerbitzuak dituzten proiektuak egiteko; baita kolektibo jakin batzuen partehartzea eta ongizatea sustatzen dituzten jarduerak egiteko ere.

Dirulaguntza horiek irabazi asmorik gabeko gobernuz kanpoko edozein elkartek eskatu ahalko ditu. Horretarako, bat etorri beharko du elkartearen jarduerak deialdiaren oinarriekin, eta Zarautzen garatuko da. Dena den, zehaztu dute Zarauztik kanpo egiten diren baina "udalerriarentzat interesgarriak diren jarduera sozialek" ere jaso ahalko dutela laguntza. 

“Zarauztarrok garrantzia handia ematen diegu gizarte gaietan lan egiten duten elkarte eta eragileei eta Udalak jarduera horiek babesten ditu” adierazi du Jesus Arana Gizarte Politiken zinegotziak. “Pandemia honetan, inoiz baino gehiago nabarmendu da elkarteen eta udalaren arteko elkarlanaren garrantzia eta dirulaguntza hauen bitartez gure inguruan behar gehien dutenei laguntzen jarraitu nahi dugu”.

2021eko dirulaguntza deialdiaren zenbatekoa 35.988,00 eurokoa izango da eta eskabideak aurkezteko epea ekainaren 13ra arte egongo da irekita. Horretarako, Herritarren Arreta Zerbitzuan aurkeztu daitezke eskabideak, edota online egin daiteke izapidea, zarautz.eus atariko Tramiteak atalean. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide