Ibai Makazaga zarauztarrak irabazi du Orioko Talai Mendi Trail lasterketa

Amaia Urbieta Arruti-IƱigo Gaiton 2021ko mai. 23a, 12:55

250 korrikalarik hartu dute parte gaur Orion jokatu den Talai Mendi Trail mendi lasterketan. Zarauztar ugari atera dira lasterka, eta horietako bat izan da, hain zuzen, helmuga gurutzatzen lehena. Ibai Makazagak 59 minutu eta 44 segundoan gurutzatu du helmuga. Lehen emakumea, berriz, Oihana Kortazar izan da. Ordubete, 5 minutu eta 38 segundoan egin ditu hark hamalau kilometroak.

Talai Mendi Trail lasterketa jokatu da gaur goizean Orion, Talai Mendi elkarteak antolatuta. Goizeko bederatziak eta erdietan abiatu dute lehiaketa herriko plazan 250 parte hartzaileek, eta aldapa gora ekin diote abiatu eta metro gutxira, eliza aldera.

Parte hartzaileek helmugan azaldu dutenez, erritmo bizia izan da lasterketako lehen metroetan, eta sufritu egin dute askok. Erritmo bizi horri etekina atera dio Ibai Makazagak, eta Andu baserriaren paretik bakarrik pasatu da lasterketaren hamargarren minutuaren bueltan, bigarrenarekiko alde zabalarekin. Helmugan 59:44 denbora eginda gailendu da korrikalari zarauztarra gizonezkoen artean, eta berak bakarrik lortu du ordubetetik jaistea. Antolakuntzak berari eman dio lehen oriotarraren saria ere, herriarekin duen lotura estuagatik. Mikel Usandizagak lehen aiarra izan da, sailkapen orokorreko zazpigarren postuan helmugaratuta.

Emakumezkoen artean borroka estuagoa eduki dute, eta Oihana Kortazar 01:05:38 denborarekin gailendu da. Amagoia Iribarrek lehen oriotarra izatea lortu du 1:25:08 markarekin, eta Ainhoa Usandizaga sailkatu da lehen postuan aiarren artean, 01:21:34 denbora lortuta. Hauek dira sailkapenak:

Gizonezkoak
1. Ibai Makazaga 59:44
2. Pello Perez 01:01:39
3. Aitor Regillaga 
01:01:41

Emakumezkoak
1. Ohiana Kortazar 01:05:30
2. Onditz Iturbe 01:07:13
3. Oihana Azkorbebeitia 01
:08:05

Hemen klik eginda ikus daitezke parte hartzaile guztien denborak eta sailkapen orokorra.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide