Eskubaloiko kadete mutilak, Euskadiko txapeldun

Amaia Urbieta Arruti 2021ko mai. 23a, 17:30
(@EEF_FVascaBM)

Hirutik hiru partida irabazi dituzte asteburuan zarauztarrek Aritzbatalde kiroldegian. Senior mutilen bigarren taldea, berriz, Nazional Mailarako igoera fasea jokatzeko sailkatu da.

Erabakita geratu da gaur eskubaloiko kadete mutilen lauko finaleko sailkapena. Gran Camping Zarautz taldeak ondo baino hobeto egin ditu bere lanak, eta txapeldun izan da. Ligako sailkapena ere lehen postuan amaitu zuen Zarauzko taldeak, eta horregatik jokatu dute Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian lauko finala, Irungo Bidasoak, Usurbilek, Zumaiako Pulpok eta Zarautzek. 

Hiru partida jokatu dituzte lau taldeek ostiralaz geroztik, eta bere hiru lehietan nagusi izan da Zarautz. Gaur goizean jokatu dute zarauztarrek azken norgehiagoka Pulporen aurka, eta 22-37ko emaitzarekin gailendu dira zarauztarrak.

Denboraldia ez da amaitu oraindik, ordea. Hurrengo pausoa Espainiako sektorea jokatzea izango da, baina oraindik ez du jakinarazi federazioak sektore hori non izango diren, ezta multzoak zeintzuk izango diren ere.

Senior mutilak, igoera fasera

Kadeteena ez da izan asteburu borobila eduki duen talde bakarra. Senior mailako gizonezkoen bigarren taldea txapeldunorde geratu da Bigarren Nazional Mailan, Irungo Bidasoaren atzetik. Hori dela eta, Nazional Mailarako igoera fasean parte hartuko dute ekainaren 5ean.