Bertso-sorta: 'Nahitaezko laguna'

Zarauzko Hitza 2021ko mai. 24a, 16:30

Inaxio Uria Isasti-ren bertso-sorta berria, Iparragirre abila dela doinuan abesteko.

-1-
Nik zure berri izan nuela
hogeitamar urte dira
Lehen unetik txunditurikan
nengoen zuri begira
Sendoa ta lerdena
Izakeraz gardena
Zehaztuaz ikusmira
nabaria zen zure barneko
edukiaren distira (bis)

-2-
Denboran zehar konturatu naiz
beharrezko zaitudala
Kezka unetan hurbiltzen bai naiz
zuregana berehala
Eltzen zaitut emeki
ta barnea ireki
Hain zara eskuzabala
Hala ondorioz asetuaz
nire nahia ohi bezala (bis)

-3-
Zinez oso baliagarria
denez zure prestasuna
nigandik hurbil zu egoteak
sortzen dit lasaitasuna
Nahiz eta jarri adi
izaten da nabari
nire ezjakintasuna
Ezinbestean bihurtzen zara
niretzat bide laguna (bis)

-4-
Oroitzapenak izaten ditut
gauez zuretaz sarritan
Bakardadean sentitzen bai naiz
hainbat une berezitan
Airean da galdera
batera ta bestera
Ni urduri izerditan
Zure babesa izango banu
aske nintzake egitan (bis)

-5-
Gauzak argitze aldera orain
Umildadez, alegia
Batzutan urrun egotearen
arrazoia da nagia
Orain dut nik aukera
ta noa argitzera
Esan behar dut egia
Nahi ta ezean nik behar zaitut
Ene Euskal Hiztegia (bis)