Borrokatutako alternatibaren kontakizuna

Miren Osa Galdona - Argia.eus 2021ko mai. 24a, 19:00
(Argazkia: David JuliĆ”)

Eraisteko zorian dira Zarauzko Putzuzulo Amets Fabrika gaztetxea. Herriaren erdigunean eraikitzen ari diren hirigintza proiektua tarteko, behera botako dute 16 urtez herriko kulturaren habia eta Euskal Herriko eszenan erreferente bilakatu den espazioa. Gaztetxeko kideek lantegia zena okupatu zutenetik argi izan dute noizbait irtenaraziko zituztela, promotore ezagun baten jabetzakoa baita eraikina, eta aspaldikoa da orube horretan etxeak egiteko asmoa. Beste gaztetxe bat eskuratzeko negoziaketetan dabiltza Udalarekin, baina argi dute baldintza berak bermatu ezean ez direla Putzuzulotik joango. Hartaz eta honetaz hitz egiteko zabaldu dizkiote ARGIAri ateak.

Textil Gipuzkoana enpresa zenaren eraikinera sartu ziren herriko zenbait gazte 2005eko urriaren 30ean. Herriak orduan ez zuen gaztetxerik, eta gazteen beharrari jarraiki okupatu zuten ohial fabrika. Atea zabaldu bezain pronto eman zioten eraikinaren jabeari ekintzaren berri, sorpresaz ez harrapatzeko eta kartak mahai gainean jartzeko. Erantzuna jokaldia bezain azkarra izan zen: batetik, salaketa zuzena jarri zion deia egin zuenari, eta, bestetik, mehatxu egin zien guztiei. Horietako bat da Jorge Nieto Abuelo. Ordurako gaztetxea lortzeko bi saiakera eginak zituzten, bi asteko iraupenekoa lehena, hiru hilabetetakoa bigarrena: “Poliziak atera gintuen bi haietatik, eta neurri batean hona ere etortzea espero genuen, baina ez zen halakorik gertatu”. Udal gobernuak euren aldeko jarrerarik azaldu ez bazuen ere, urak bare mantentzeren aldeko jarrera erakutsi zuen, Salberdingo fabrika zaharrean biltzen zen jende andana ikusita. Marimin Aizpurua ere hasierako asanblada haien parte zen, eta Ertzaintza ez bidaltzea jarrera “ulergarriena” izan zela dio, uste baino jende gehiago baitzebilen gaztetxe berriaren inguruan proiektua gorpuzten. Abuelok aipatu du okupatu ostean udalarekin izandako lehen hartu emanetan esan zietela zein asmo zituzten lurzoru haiekin, baina ez zietela data zehatzik esan: “Salberdingo hirigintza planarekin bi edo hiru urtera hasiko zirela esan ziguten. Hasieratik izan dugu mamua lepo gainean, baina 15 urte igaro dira azkenean”.

90eko hamarkadaren lehen eta azken urteetan gaztetxea lortzeko egin zituzten bi saiakerekin alderatuz gero oso bestelakoa izan zen hirugarrena. Manuela gaztetxea izandakoaren eta Putzuzuloren artean hiru urteko hutsunea egon zen, gazte asanbladak hala moduz funtzionatu zuen tarte hartan; ez espazio alternatiborik ezta berau betetzeko indarrik ere. Hala, belaunaldi berriek beste saiakera bat proposatu zuten arte, baina bestelako moldeekin egin beharreko jokaldia izan behar zuen. Urtebete iraun zuen komunikazio kanpainak, eta gazteak saretzeko ez ezik, herriaren babesa eskuratzeko ere balio izan zuen. “Zarautzek gaztetxea behar zuela argi genuen, baina bero-beroan okupatzea zentzu gutxiko jarrera zela ere jakitun ginen. Orduan gaztetxea herriaren behar gisa irudikatuko zuen komunikazio kanpaina egitea otu zitzaigun”, dio Abuelok. “Badator” izenarekin hasi ziren ekintzak egiten, izan pintadak, kale antzerkiak edo informatzeko deialdi irekiak. “Leku asko tanteatu genituen. Kokapen aldetik erdigunetik gertu egotea nahi genuen, baina Zarautzen ez da erraza halako lekuak topatzea”. Auzoan dagoen bolatokia hartu zuten aitzakia gisa okupazio ekintza gauzatzeko: “Bolo txapelketa bat antolatu genuen, eta 200 pertsona azaldu ziren. Kalejiran etorri ginen bolatokitik Putzuzulora. Hor hasi zen gaztetxearen ibilbidea”. Zapaburua eta kolore berdea ziren identifikatzeko elementuak, eta animaliaren metamorfosia lez, ibilbideari amaiera emanez Putzuzulo izena jarri zioten.

Ongi gogoratzen da Xakela asanbladako kide Leire Makazaga eraistearen alarma piztuarazi zuen uneaz: “Belaunaldi gazteagokook ere bagenekien bota nahi zutela. 2019ko udaberrian gaztetxearen inguruko eraikinak botatzen hasi ziren, eta pilak jarri behar genituela pentsatu genuen, kontu serioa zela ikusi genuen”. Politikariak hauteskunde kanpaina betean zeudela aprobetxatuta, hautagai bakoitzari gaztetxearekin zer egin nahi zuten galdegin zioten. EAJko Xabier Txurrukak irabazi zituen bozak, eta berarekin hasi zen gaurdaino luzatu den negoziaketa prozesua: “Alkatearekin elkarrizketak hasi bezain azkar, udalak baimena eman zuen Putzuzulo eraisteko. Ia dena bota zuten, aldameneko eraikin osoa. Uda hartan kalean ikusi genuen gure burua, baina gure asmoekin jarraitu genuen”.

Erreportaje osorik irakurtzeko: Argia.eus