Jabetze Eskolen inguruko hitzaldia eskainiko du Pepa Bojok

Aritz Mutiozabal 2021ko mai. 25a, 10:00

Gipuzkoako Jabetze Eskolen inguruan egin duen ikerketaren emaitzak partekatuko ditu bihar, 18:30etik aurrera, udabaltzar aretoan.

Pepa Bojo psikologoak emakumeentzako Jabetze Eskolen inguruan egin duen ikerketaren emaitzak aurkeztuko ditu bihar arratsaldean udalbatzar aretoan, Zerk motibatzen ditu parte-hartzaileak? Zer eskaintzen digute Jabetze Eskolek? Nola bultza dezakegu ahalduntzea? hitzaldiaren barruan. Saioa aurrez aurre jarraitu ahal izango da 18:30an, edukiera mugatuarekin, edota Zarauzko Udaleko youtube kanaletik streaming bidez.

Ikerketarekin Gipuzkoako Jabetze Eskolen errealitatera eta emakumeengan eragin duten ahalduntze-prozesuetara hurbildu da. Parte-hartzaileen motibazioak, asmoak, helburuak eta esperientziak aztertu ditu, baita prozesua eta haien bizitzan, harremanetan, autoestimuan eta autonomia pertsonalean izandako eragina ere. Gipuzkoako Jabetze eskolek 20 urteko ibilbidea egin dute –Zarautzen 2007tik dago martxan–, eta aurkeztuko duen txostena abiapuntu esanguratsua izan nahi du prozesu eta erronka berriak planteatzeko.

Hitzaldia jarraitu nahi duenak izena eman beharko du aurrez. Horretarako hainbat bide jarri dituzte aukeran: 943-005 136 telefono zenbakira dei daiteke, emakumeen-etxea@zarautz.eus posta elektronikora idatzi daiteke edo esteka honen bidez.