Aurrematrikula egin daiteke Musika Eskolan

Aritz Mutiozabal 2021ko mai. 25a, 17:30
Imanol Urbieta Udal Musika Eskola. (Zarauzko Udala)

Matrikula egiteko epea ekainaren 4an bukatuko da. Ate irekiak egingo dituzte maiatzaren 29an eta ekainaren 5ean, Imanol Urbieta Udal Musika Eskola ezagutzeko.

Datorren ikasturteko aurrematrikula ireki Imanol Urbieta Udal Musika Eskolak, eta zabalik egongo da ekainak 4a bitartean. Lau urtetik hasi eta adin mugarik gabeko edonori irekita dago, eta hainbat ikastarotan eman daiteke izena; hau da, tailerra, hizkuntza musikala, musikoterapia eta musika tresna ezberdinetan.

Aurrematrikula hiru modutara egin ahal izango da: telematikokoki, udalmusikaeskola.wordpress.com webgunean edota imanolurbietazme@gmail.com helbidera idatzita; 943-506 589 telefono zenbakira deituta; edo aurrez aurre,  Musika Eskolaren bulegoetan (Lapurdi kalea 7B), astelehenetik ostegunera 15:30etik 19:30era, eta ostiraletan 09:30etik 13:30era. Egungo egoera kontuan izanda, Musika eskolako arduradunek webgunea erabiltzeko gomendioa egiten dute matrikula egiteko orduan. Presentzialki egitekotan, hitzordua eskatu behar dela jakinarazi dute.

Ate irekien jardunaldiak

Hurrengo ikasturteari begira, ate irekien jardunaldiak egingo dituzte Imanol Urbieta Udal Musika Eskolan. Horretarako bi hitzordu zehaztu dituzte egutegian: maiatzaren 29a, datorren larunbata, eta ekainaren 5a, astebete geroago. Goizeko 10:00etatik 12:00etara instalazioak bisita ahal izango dira,mugimendu gelak eta Musikoterapia ezagutzeko, eta aukera izango da musika tresna guztiak ikusi eta entzuteko.  Pandemia egoera dela eta, ezingo dira instrumentu desberdinak jo.

Jardunaldi bakoitzerako gainera musika tresna eta ekintza jakin batzuk jarriko dituzte erakusgai. Larunbat honetarako, hilaren 29rako, gitarra, txistua, trikitixa, tronboia, bonbardinoa, perkusioa, tronpa eta tailerra. Ekainaren 5erako, berriz, ondorengo hauek: pianoa, flauta, klarinetea, saxofoia, biolina, biolontxeloa, tronpeta, musikoterapia eta tailerra.