Pentsiodunen mugimenduaren bizikleta martxa Zarauztik igaroko da ostiralean

Aritz Mutiozabal 2021ko mai. 26a, 09:00

Eguerdian iritsiko da parrokiara Getariatik, eta bertan harrera egingo diete txistulariek eta trikitilariek. Larunbatean manifestazioa dago deituta Donostian, eta bertan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak.

Pentsiodunen mugimenduak bi urte baino gehiago daramatza pentsio publikoak defendatzeko protestan. Ez dute beren borrokan amore emateko asmorik, eta aste honetarako bi ekimen antolatu dituzte. Alde batetik, Gipuzkoa zeharkatuko duen bizikleta martxa, eta bestetik, larunbatean Donostian egingo den manifestazioa; Alderdi Ederretik abiatuko da mobilizazioa, 17:00etan.

Bizikleta martxari dagokionez, ostiralean helduko da Zarautzera; hau da, 12:00ak inguruan iritsiko da Getariatik parrokiara. Txistulariek eta trikitilariek harrera egin ondoren,  herrian barna ibiliko da bizikleta martxa: Bizkaia kalea, Azken Portu, Zelai Ondo, Gipuzkoa kalea, Kale Nagusia eta Musika Plazatik pasa ondoren, Lege Zaharren enparantzan geldialdia egingo du, eta Andoni Egaña bertsolariaren parte hartzearekin emango diote amaiera goizeko ekitaldiari. Bizikleta martxari 16:00etan berrekingo diote parrokiatik Orio aldera.