Amets olinpikoa

Nadia Erostarbe: «Sailkatzeko aukerak ditudan sentipenarekin noa»

Aritz Mutiozabal 2021ko mai. 27a, 09:10
Nadia Erostarbe surflaria. (Alex Postigo)

Tokioko Olinpiar Jokoetara sailkatzeko azken aukera izango du Nadia Erostarbe (Zarautz, 2000) surflariak Munduko Surf Txapelketan. El Salvadorren jokatuko da, larunbatean hasi eta ekainaren 6a bitartean, eta emakumezkoetan jokoan dauden zazpi txartel horietako bat bereganatzen saiatuko da.

Aurreko astean Caparicako Surf Txapelketan aritu zara lehian, Portugalen.  Munduko Txapelketarako prestaketa bezala ongi etorri al zaizu?
Bai, dudarik gabe. Azkenean, Portugalgo txapelketan horregatik hartu dut parte, lehiaketetako erritmo hori berriro ere hartzeko. Izan ere, ia urtebete egon gara lehiatu gabe. Portugalen nahi baino lehenago kanporatu baldin baninduten ere, behintzat pare bat txanda jokatu ahal izan nituen eta ongi etorri zaizkit Munduko Txapelketako prestaketarako.

Ez da berdin entrenamendu bat egitea edo aurkari izango dituzun horiekin indarrak neurtzea, ezta?
Ez da berdina, inolaz ere ez. Gainera, txapelketa batean izaten dituzun urduritasunak ez dituzu edukitzen entrenamendu batean, ezta txapelketa baten simulazio batean ere. Urduritasun horiek lehian zaudenean bakarrik izaten dituzu. Niri behintzat hori gertatzen zait: ez dut lotzen urduritasuna txapelketa ez den beste zerbaitekin. Eta Portugalgoa izan da, nolabait esateko,  Munduko Txapelketara begira berotzeko hitzordu bat.

Eta nola sentitu zara?
Pena izan zen Portugalgo txapelketako bigarren txanda hura ez gainditzea, baina nik uste dut ongi surfeatu nuela. Gustura geratu nintzen egindako saioarekin, baina, esan bezala, penarekin agurtzen duzu txapelketa; agian, bukaeran olatuak hobeto aukeratu izan banitu, aurrera egiteko aukerak izan nitzakeelako. Dena dela, ez zen olatu askorik sartu, eta zorte kontua ere izan zen.

Orain,  hurrengo hitzordua El Salvadorren izango da.
Gogotsu nago hara iristeko, berora, eta hango olatuak surfeatzera. Portugalen olatu txikiak eduki genituen eta han handiak daude. Gogo biziak ditut berriro ere olatu indartsuak surfeatzeko.

Hobeto moldatzen zara olatu indartsuagoetan, beraz.
Baietz esango nuke. Nire dohaina hori dela. Ez diet beldurrik olatuei, eta itsaso handia egonda ere ederki moldatzen naiz. Beharbada, beste surflari batzuk beldurtu egiten dira, eta ez diote horrenbesteko ziurtasunez ekiten gune kritikoetan, baina nik ez dut erreparorik horretan. Eroen pare joaten naiz! 

Badirudi ondo datorkizun kostaldea dela.
Hala da, bai. Gainera, azken egun hauetan itsasaldi asko egon dira, eta ea horrela jarraitzen duen. Nik uste dut Munduko Txapelketarako itsasoa nahiko polita egongo dela.
Txapelketa bertan jokatzea zuretzako abantaila izan daitekeela esango zenuke?
Nik uste dut hala izan daitekeela. Iaz iragarri zutenean El Salvadorren jokatuko zela oso pozik jarri nintzen, benetan gogotsu. Azkenean, olatu potenteak dira, baina, aldi berean, olatu onak. Ez da hondartza batean bezala, itsaso zakarra dagoenean dena nahasia dagoena. El Salvadorren ia bermatuta izango ditugu olatu onak une oro.

Espainiako Federazioarekin aritu zarete ingurua ezagutzen, eta tokira egiten. Baina aurrez ezagutzen al zenuen?
Ez, nire lehen egonaldia izan da duela hilabetekoa. Emakumezkoen txapelketa bat jokatu zen han bertan, baina ni oraindik oso gaztea nintzenez, ez nintzen joan. Nolanahi ere, nire lehen aldia izateko oso sentsazio onak izan nituen, eta itzultzeko irrikaz nago.

Olinpiar Jokoetarako zazpi txartel banatuko dituzte. Nola ikusten duzu zure burua?
Txartela lortzeko aukerak baditudala uste dut. Ez da erraza izango, eta txapelketa ona jokatu beharko dut sailkatzeko. Baina aukerak ditudan sentipen horrekin noa, eta gogo handiarekin lehen postuetan bukatzeko.

Txartel horietako bat lortzeko faboritoetako bat al zara?
Espero dut baietz. Ez dakit faboritoen zerrendarik dagoen, eta zerrendarik balego eta bertan ez banago ere berdin-berdin borrokatuko dut postu bat lortzeko.

Zer izango litzateke zuretzat Jokoetarako sailkatzea?
Amets bat izango litzateke, eta helburu bat lortzea. 2016an iragarri zutenean surfa kirol olinpikoa bihurtuko zela, nik oso urruti ikusten nuen. Ez nuen lor nezakeen aukera bat moduan ikusten. Orain, momentua iritsi den honetan, sailkatu naitekeela ikusten dut, posible dela.

Kontuan izanda lau urtetik behin jokatzen direla, ezinbestean lortu beharreko helburua al da zuretzat?
Momentuan lasai nago, baina badakit txapelketako egunak iristen direnean urduri jarriko naizela. Izan ere, lehiatzen hasteko gogo bizia daukat, eta, jakina, Jokoetara sailkatzekoa. Txartela lortuko ez banu, ez litzateke ezer gertatuko. Ez litzateke munduaren akabera izango. WSL gure zirkuitua dugu, eta txapelketak jokatzen jarraituko nuke.

Baina azken urtea sailkapen horri begira egituratu duzu. Apustu serioa, ezta?
Urte honetako helburu nagusia hori da, zalantzarik gabe, eta sailkatzen ez baldin banaiz, gogorra egingo zait, noski. Urte osoa eman dut horretara begira prestatzen. Nik uste nuen WSLko txapelketarik ez zela jokatuko, eta bakarrik Jokoetarako sailkatzeko proba izango nuela. Hori kontuan  izanda, gogorra egingo litzaidake txartela ez lortzea. Hala eta guztiz ere, ni oso motibatuta noa, eta lortzeko itxaropenarekin.

Zeintzuk izango dira zure aurkari zuzenak?
Zirkuituko onenak bertan izango dira, eta hauek jada sailkatuta dauden arren, aurkari gogorrak izan daitezke. Edozein kanporaketatan bota zaitzakete kalera. Txapelketan posible da hamargarren bukatzea, baina Jokoetako zazpi txartel horietako bat lortzea, sailkapeneko beste surflari batzuk aurretik jada sailkatuta daudelako. Oro har, frantsesak eta portugaldarrak oso indartsu daude, baita  Hego Ameriketako neska asko ere. Elkar ezagutzen dugu, eta badakigu norekin ibili behar dugun adi.