Itsaspeko zinemak hartuko du Modelo aretoa ekainaren 9tik 11ra

Aritz Mutiozabal 2021ko mai. 29a, 12:00
Gloria Vazquez zinegotzia eta David Sanchez jaialdiko zuzendaria. (Aritz Mutiozabal)

Cimasub Donostiako Nazioarteko Itsaspeko Zinema Jaialdiko 27 film labur eta bi dokumental ikusteko parada izango da. Ozeanoak eta biodibertsitatea zaintzeko mezua dakar zikloak.

Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa berreskuratuko du Zarautzek, ekainaren 9tik 11ra. Hamar urtez egin zuten aurrez, 1981etik 1990era, eta aurten, hiru hamarkadako etenaldiaren ondoren, 11. edizio antolatuko du Cinemasub jaialdiak, Zarauzko Udaleko Ingurumen Departamentuarekin elkarlanean. "Arreta jarri nahi diogu itsasoari. Ozeanoetan dagoen egoera kezkagarria da, kutsadurari dagokionez, eta argi daukagu biodibertsitatea zaindu behar dugula. Horregatik parte hartuko dugu Itsaspeko Zinema Zikloan", nabarmendu du Ingurumen zinegotzi Gloria Vazquezek.

Futboleko Real Sociedaden Itsaspeko Jardueren Sailak Cimasub Donostiako Nazioarteko Itsaspeko Zinema Jaialdia antolatzen du urtero, eta bertara nazioarteko eta Espainiako film ugari aurkezten dira. Hain justu ere, jaialdiko ikus-entzunezko sarituak eta lanik aipagarrienak ikusteko parada izango da ekainaren 9, 10 eta 11n, 19:00etatik 20:30era. Modelo aretoan. Guztira, 27 film labur eta bi dokumental eskainiko dituzte. Sarrera doan izango da, baina ordubete lehenago jarriko dituzte eskuragarri aretoko txarteldegian.

Nazioarteko Itsaspeko Zinema Jaialdiaren zuzendari David Sanchezek azaldu du itsaspeko ikus-entzunezkoek bi aurpegi erakusten dituztela: alde batetik, "koloretsuak eta argitsuak dira, eta mundu guztia maitemintzen dute. Horrek itsasoa errespetatzen laguntzen du", eta bestetik, "alde iluna ere azalerazten dute: kaltetzen den biodibertsitatea eta ikusten ez den itsas azpiko guztia. Badirudi itsasoak dena irensten duela".

Hari horri jarraituz, Sanchezek dio panpoxa ez den hori guztia, eta, azken finean, errealitate hutsa dena, erakutsi egin behar dela "jendeak kontzientzia" har dezan. Era berean, azpimarratu zuen plastikoak gero eta presentzia nabarmenagoa duela modu batera edo bestera jaialdira aurkezten diren filmetan, eta Zarauzko zikloan hori ikusgai izango dela.

Argazki erakusketa

Era berean, Merkatu Plazako lehen solairuan argazki erakusketa zabalduko dute, Cinemasub jaialdiko lehiaketara aurkeztutako 24 lanekin. Horietan denetariko irudiak jasoko dituzte; besteak beste, salaketa ekologikoa ikus ahal izango da, hurbilekoa den Kantauri itsasoa, urrunekoak diren espeziei bereziak nahiz deigarriak, eta egoera bitxiak ere bai. Ekainaren 9tik 27ra bisitatu ahal izango da proposamena, 18:00etatik 20:00etara.