Karmelo Mendizabal omenduz egin du aurreneko jaialdia Zarautz Trik elkarteak

Onintza Lete Arrieta 2021ko mai. 29a, 19:02

Modelo aretoan emanaldi "hunkigarria" eskaini zuen trikiti elkarteak atzo arratsaldean, Jalgi dantza taldekoen eta Etxebeltz bertso eskolako ikasleen parte hartzearekin. Kame akademiako Karmelo Mendizabal omendu zuten, "herriaren eta herritarren alde egindako lan guztia eskertzeko".

Atzo, ostirala, arratsaldean ospatu zuten Modelo aretoan Zarautz Trik elkartearen aurreneko jaialdia. Antolatzaileak "oso gustura" gelditu ziren emanaldiarekin. "Oso saio polita atera zen orokorrean, bai gure zatia, bai ondorengo kontzertua, eta esperientzia oso polita izan zen", azaldu dute.

Zarautz Trik elkarteko ikasleek eskaini zuten kontzertua aurrena. Hamabi trikitilarik –11 ikaslek eta Aratz Olaizola irakasleak– ordubete inguruko saioa eskaini zuten herriko zenbait eragileren parte hartzearekin. Izan ere, Etxebeltz bertso eskolako ikasleek bertsoak eta koplak eskaini zituzten trikitilarien doinuen laguntzarekin, eta Jalgi dantza taldekoek ere astindu zituzten gorputzak, horiek ere trikiti doinuei segika.

Aurkezle lanetan Mirari Arin eta Aingeru Aramendi clown-ak ibili ziren, Lourdes Urbinaren clown tailerrekoak.

Elkartekoentzat, azpimarragarriena da "herritarrek herritarrentzat" egindako zerbait izan dela. Elkarteak arlo ludikoa eta arlo akademikoa ditu, eta pandemiagatik azken bi urteetan arlo ludikoa lantzerik izan ez zutenez, "hunkigarria" izan zen atzoko emanaldia, Aratz Olaizola elkarteko irakaslearen hitzetan. Publikoak ere "gozatu" egin zuela uste dute, bai aurreneko saioarekin, bai ondoren Neomak taldearen kontzertuarekin. "Bakarren batek esan zigun malkoak ere atera zitzaizkiola".

Hainbat eratako doinuez gozatu zuten ikusleek, eta emanaldiaren amaieran denek parte hartzeko aukera izan zuten, Ikusi mendizaleak elkarrekin abestuta.

Karmelo Mendizabali omenaldia

Hiru hamarkadaz aritu da Karmelo Mendizabal Kame akademian trikitia erakusten zarauztarrei eta ingurukoei. Soinu handia jotzen du berak, eta antolatzaileen esanetan, "lan pila bat egin du herriaren eta herritarren alde, eta orain bizpahiru urte erretiroa hartu bazuen ere, inoiz ez zitzaion lan hori aitortu, hein batean pandemia egoeragatik ". Horregatik, erabaki zuten atzoko jaialdian "eskertzea berak egindako ekarpena".

Hala, emanaldian beraiekin pieza pare bat jotzera gonbidatu zuten Mendizabal, eta omenaldia egiteko aprobetxatu zuten une hori.

Taldean jo zuen piezetako bat, Zarautz Trik elkarteko ikasleekin, eta bestea Aratz Olaizolarekin eskuz esku.

ERREPERTORIOA. Hau da jaialdian eskaini zituzten piezen zerrenda.

Argazkiak: Aitor Amilibia eta utzitakoak