Jokin Eizmendi Binakako II. Euskal Pentatloitik kanpo gelditu da

Mailo Oiarzabal 2021ko mai. 30a, 16:15

Argazkia: Tolosaldeko Ataria

Tolosako (Gipuzkoa) zezen plazan jokatu zuten atzo Binakako II. Euskal Pentatloiaren kanporaketa, eta zarauztarrak eta haren bikote Jose Martin Bustinza Tubi-k ez zuten finalerako txartelik lortu. Urola Kostako bederatzi kirolarik hartu zuten parte atzoko saioan, eta zortzik egin dute aurrera. Tartean dira Izeta III.a eta Izeta IV.a, atzoko bigarren denbora onena eginda.

Binakako II. Euskal Pentatloiaren kanporaketa jokatu zen atzo Tolosako (Gipuzkoa) zezen plazan. 11 bikotek hartu zuten parte jokoan ziren finaleko sei postuen bila. 100 kiloko bolari hogei altxaldi eman, giza-proban 400 kiloko harriarekin bi plaza osatu, aizkoran bi kanaerdiko ebaki, 50 kiloko txingekin sei plaza osatu eta korrika bi kilometro egin behar zituzten bikoteek.

Ioritz Gisasola Zelai IV.a eta Jon Gisasola Zelai V.a bizkaitarrak izan ziren lan guztiak bukatzen azkarrenak (18 minutu eta 16 segundo). Bigarren denborarik onena, berriz, Jexux Mari Iruretagoiena Izeta III.a eta Andoni Iruretagoiena Izeta IV.a aiarrek osatutako bikoteak egin zuen (18’24”). Iñaki Errazkinek eta Aratz Mugertzak (18’44”), Kepa Peñagarikano azpeitiarrak eta Gorka Etxeberria oriotarrak (18’56”), Mikel Larrañaga azpeitiarrak eta Jon Unanue Goenatxo III.a azkoitiarrak (19’09”), eta Jagoba Otaegi eta Luis Txapartegi aizarnarrek (20’09”) osatu zuten, hurrenkera horretan, finalerako txartela lortu zuten sei bikoteen multzoa.

Beñat Amade eta Aritz Irazabal (20’20”), Xabier Urrutia eta Julen Kañamares (21’45”), Mikel Agirre eta Ousmane Drame (22’14”), Jose Martin Bustinza Tubi eta Jokin Eizmendi zarauztarra (23’27”), eta Julio Jimenez eta Daniel España (26’09”), aldiz, finaletik kanpo gelditu ziren.

Atzoko saioaren argazki bilduma osoa ikus daiteke Tolosaldeko Ataria webgunean.