Julen eta Antton Telleria 'Galdedebalde' saio bereziko lehen gonbidatuak

Zarauzko Hitza 2021ko mai. 31a, 18:00

Ostiral arratsalde honetan izango dira Putzuzulo gaztetxean. Publikoak parte hartzeko aukera izango du, eta sarrerak asteazkenean jarriko dituzte salgai, 5 euroan.

Arraio Irratiaren 15. urteurreneko ospakizunen barruan, Galdedebalde irratsaioko kideek zuzeneko hiru saio eskainiko dituzte Putzuzulo gaztetxetik, publikoaren parte hartzearekin eta gonbidatu bereziekin. Ekainaren 4an, ostiral honetan, Julen eta Antton Telleria anaiak izango dira beraien umorea partekatuko dutenak arraiokide guztiekin.

Ikusle gisa parte hartu nahi dutenek 5 euroan erosi beharko dituzte sarrerak asteazken honetan, 19:00etatik aurrera, Putzuzulon; pertsonako bi sarrera eskuratu ahal izango dira. Irratsaioa 19:00etan hasiko da ostiralean, eta ateak ordu laurden lehenago zabalduko dituzte.

Galdedebalde-ren zuzeneko hurrengo bi saioak ekainaren 11n eta 18an egingo dituzte, eta gonbidatu gisa, Iker Lauroba eta Sara Zozaya musikariak izan dira. Edonola ere, ez dute zehaztu oraindik nor izango den egun bakoitzean.