1,5 milioi euroko kreditu aldaketa onartu dute udalbatzarrean

Aritz Mutiozabal 2021ko eka. 1a, 09:30
Atletismoko pista bat egin nahi dute Astin (Zarauzko Udala)

Udal Gobernuaren aldeko botoekin aurrera atera zen proposamena. Aldaketa horrekin, proiektu berriak jarriko dituzte martxan datozen hilabeteetan: Asti kirol eremuaren zabaltzea, haur parkeen berritzea, komun publiko berriak eta abar.

Osteguneko udalbatzarrean Udal Gobernuak proposatutako kreditu aldaketa onartu zuten gehiengoz, gobernua osatzen duten EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin; EH Bildu kontra agertu zen eta Podemos-Equo-Berdeak, berriz, abstenitu egin zen. Aldaketa horri esker, aurreko ekitaldiko likidazioaren gerakinetik 1.576.482,18 euro txertatuko dituzte aurtengo udal aurrekontuan: 1.042.000 euro proiektuak aurrera eramateko, 183.000 euro udal zerbitzuetarako eta 331.000 euro udal langileei bideratuta.

“Kultura, hezkuntza, kirola, herriko eragileak, aisialdia,irisgarritasuna, Zarautz lagunkoiago bat, etxebizitza eta zerbitzuak indartzen jarraitzeko Udal Gobernuak kreditu aldaketa hau aurkeztu du” adierazi du Jesus Arana Ogasun zinegotziak. “Honi esker, herritar ororen behar eta proposamenak beteko dituzten proiektuak martxan jarriko dira datozen hilabeteetan Zarautzen".

Inbertsio berriak

Astiko kirol eremuaren zabalpen proiekturako lehen urratsak ematen hasiko da udala, eta lursail bat erosiko du permuta bidez. 18.482 euro bideratuko ditu horretara eta, gainera, udalak 20.000 euroko beste inbertsio poltsa bat du aurrekontuen partidan helburu horretarako. Bertan, erabilera anitzeko belar artifizialeko zelai berri bat eta atletismoko pista bat eraikitzeko asmoa dute. Kirolarekin jarraituz, uda honetan, Aritzbatalde kiroldegiko pista nagusian tarimazko zoru berria jarriko dute, eta 175.000 euro bideratuko dituzte horretara.

Haur parkeak berritzeko plangintza bat osatu du udalak, eta aurten 280.000 euro jarraiko ditu; hemendik urte amaierara bitartean, haur parke horietako lau berrituko dituzte. Bestalde, hiru komun publiko autogarbigarri berri jarriko dituzte Lapurdi kalean (musika eskolaren parean), Itxasmendin eta Astin;  ekintza horietarako 210.000 euroko partida zehaztu dute.

Abendaño 7ko pabiloia egokitzeko lana estrategikoa da, eta beste 153.000 euroko partida bat aurreikusi dute; izan ere, herriko hainbat elkartek biltegi gisa erabili ahal izango dute beraien materiala gordetzeko. Gainera, 196.000 euro bideratuko dituzte herriko hainbat gune konpontzeko, hala nola Vista Alegre, Zelai Ondo eta Langako plazako espaloiak edo malekoiko baranda.

Kreditu aldaketarekin, eta bertara bideratuko dituzten 96.000 eurorekin, udalak Salberdingo R9 partzelaren jabetzaren %100a bereganatuko du. Hartara, alokairu sozialeko 95 etxebizitza babestu eraiki ahal izango ditu Etxebizitzaren Udal Planean zehazten den bezala.

Oposizioaren ikuspuntua

Podemos-Equo-Berdeak koalizioko kide Oihane Delgadoren iritziz, "ongi egin gabeko aurrekontuaren ondorioa" da kreditu aldaketa: "Horrenbesteko aldaketa eta kudeaketa egin behar bada, ez daude ongi doituta hasieratik". Edonola ere, oro har begi onez ikusi zituen inbertsioak zertara bideratuko diren. PSE-EEko bozeramaile Gloria Vazquezek nabarmendu zuen Udal Gobernuaren kudeaketa ona eta "horregatik" direla posible aipatu inbertsioak.

EH Bilduko kide Ion Arozenak adierazi zuen beraiek ezetz bozkatzeak ez duela esan nahi inbertsioen aurka daudenik, baina arrazoitu zuen gerakina beraien [Udal Gobernuaren] "programa garatzeko erabiltzen" dutela eta oposizioa ez dutela kontuan hartu proposamenak partekatzeko. "Ezetz bozkatzen dugu, gauzak aurrera eramateko duzuen moduagatik. Aurrekontuak 2.0 dirudi honek, eta elkarrizketa gehiago izan genitzakeen", azaldu zuen Arozenak.

Aranak erantzun zion EH Bilduri Udal Gobernua bere programa betetzeko dagoela esanez, "besteak beste, herritarrei hori agindu genielako, eta konpromiso horrekin jarraituko dugu". Agintaldiko Plan bat adostu zutela gogora ekarri zuen, eta bertan zehaztutakoa betetzen ari direla egin zuen azpimarra: "Aurrekontuak onartzerakoan beti oso garbiak izan gara, eta beti komentatu izan dizuegu, gerakinaren arabera, zer zerrenda dugun buruan".