Behin-behineko biribilgunea jarriko dute Abendañon

Amaia Urbieta Arruti 2021ko eka. 1a, 10:25
Aiziazpi eta Urteta kaleen arteko bidegurutzean jarriko dute biribilgunea. (Zarauzko Udala)

Azken hilabeteetako aldaketen ondorioz handitu egin da gune horretako zirkulazioa, eta udalaren arabera, "behar berriak" sortu dira. Aste honen amaieran hasiko dira biribilgunea egokitzeko lanak.

Abendaño industrialdean dauden Aiziazpi eta Urteta kaleen arteko bidegurutzean behin-behineko biribilgunea jarriko du udalak, azken asteetan gune horretan "behar berriak" sortu direla-eta. Izan ere, Frantseskua zubiaren irekieraren eta autokarabenen aparkaleku berriaren ondorioz, zirkulazioa handitu egin da. Udalak prentsaohar bidez jakitera eman duenez, aste honen amaieran hasiko dira biribilgunea egokitzeko lanak. Iker Basurko Mugikortasun zinegotziak jakitera eman du bidegurutze horretan biribilgunea kokatzeak "bertako trafikoa arintzen eta segurtasun handitzen lagunduko du".

Gaineratu dute datozen hilabeteetan behin-behineko biribilgunearen "bilakaeraren jarraipena" egingo duela Mugikortasun departamentuak, "bidegurutzearen etorkizunerako amaierako erabakia" hartu ahal izateko.