Karmelo Mendizabal: "Pentsatu gabe, gure lanak eragina izan du herrian"

Amaia Urbieta Arruti 2021ko eka. 2a, 10:08

Aratz Olaizolak jarri zion txapela Mendizabali. (Utzitakoa)

Urte luzez musika irakasle lanetan aritu da Mendizabal Zarautzen. Ostiralean aitortza jaso zuen Zarautz Trik kultur elkartekoen eskutik.

Lehen jaialdia eskaini zuen aurreko ostiralean Zarautz Trik kultur elkarteak. Hainbat gonbidatu igo ziren Modelo aretoko oholtzara, baina protagonismo berezia hartu zuen Karmelo Mendizabal (Arroa Behea, Zestoa, 1956) soinu-jotzaile eta irakasle ohiak, aitortza egin baitzioten bere ibilbideagatik. Mendizabal soinu handia irakasten hasi zen 1980ko hamarkadan eta, gerora, 1990ean, Kame musika akademia zabaldu zuen. Bertan egin du lan 2019an erretiroa hartu zuen arte.

Gaztetxo zarauztar askok ikasi dituzte solfeoa eta instrumenturen bat Kame musika eskolan. Esan daiteke han erein zela Zarautz Triken hazia?

Bai. 2019 bukaeran jubilatzea tokatzen zitzaidan, eta gurekin ikasten zuten ikasle batzuei segida ematea pentsatu genuen. Indibidualagoak ziren instrumentuak jotzen zituztenak partikularretara edo udaleko musika eskolara joan ziren, baina hauek talde bezala funtzionatzen zuten, eta orduan ere egiten zituzten ekintzak hilean behin edo bitan, Gabonetan eta bestelako egun seinalatuetan. Pena zen hori galtzea. Guk itxi beharra izan genuen eta, horren harira, elkarte hori sortu zuten, jarraitzeko beren jardunarekin. Trikitixa jotzen duen edozein herritarrek parte hartzea dauka taldean eta instrumentu horren zabalkuntzan.

Trikiti eta panderoak, izan ere, ez dute zentzu askorik beraiek bakarrik, ezta?

Bai, hori da. Panderoa ikasten duenak behar du trikitia aldamendean, eta trikitiak ere berdin. Sinbiosi hori ondo joaten zaie denei. Trikitia ikasten ari denak aukera dauka elkarte horretan parte hartzeko. Kantujiran ateratzen dira, beste herrietara joaten dira jotzera... Aukera duzu taldean ibiltzeko.

Nola jaso zenuen ostiraleko omenaldia?

Sorpresa izan zen; tranpa apur bat egin zidaten. Aratzek [Olaizola, Zarautz Trik elkarteko irakaslea] otsailean esan zidan animatzeko jaialdian pare bat kanta jotzera, eta baietz esan nion. Pare bat abesti prestatu genituen, bata bertsolariei laguntzeko eta bestea guk jotzeko, eta ez zioten aparteko garrantziarik eman. Beste gonbidatu batzuk ere  bazeuden:  bertsolariak, clownak... Kantak jo ondoren, ordea, Aratzek esan zidan: «Itxaron apur bat, ez joan eszenatokitik, egon hor izkinan». Orduan pentsatu nuen: «Badiagu zerbait hemen!». Ez nuen espero; txapel handi bat buruan jarri nuen, eta gustura egon nintzen. 

Trikitia berezia al da zuretzat?

Nik soinu handia jotzen dut.  Garai hartan trikitia ez zuten erakusten, baina hasi zenean pixka bat zabaltzen arrakasta handia izan zuen. Umetan nahi nuen soinua ikasi, eta berdin zitzaidan handia edo txikia, ez nuen ulertzen diferentzia zein zen. Trikitilari askok soinu handia jotzen zuten garai hartan, eta nik hori ikasi nuen. Diferentziak baditu, txikiak mugak dauzka eta handia pixka bat irekiagoa da. Handia jotzen genuenok bestelako errepertorio eta estiloak geneuzkan, nahiz eta soinu txikiarekin batera ere jo izan dudan askotan. Ondo konpontzen dira elkarrekin. 

Ibilbideagatik aitortza egin zizutenez, zeu ere jarriko zinen atzera begira.

Bai. Askotan ez duzu horretan pentsatzen, klaseak prestatzen dituzu, jaialdiak egin, kantuak atera... Gure jaialdiak bizpahiru ordukoak izaten ziren, bi urtean behin egiten genituen eta uztartu behar izaten genituen instrumentu asko. Pianoko ikasleekin juntatzen genituen bateria, baxua eta gitarra, eta halako konboak egiten genituen. Nik  lan  moduan  hartzen nuen, eta ez nuen pentsatzen gero ikasle horiek, 20-25 urterekin, gutaz akordatuko zirenik.1983tik eman ditut klaseak Zarautzen, eta hortik 2019ra urte asko pasatu dira. Ikasle asko eduki ditugu, eta atzera begiratzen duzunean esaten duzu: «Hara, bada, zerbait egin dugu herrian». Ez da dominak jartzeagatik, baina herriko talderen bat edo beste ere gure eskolatik pasatutako musikariekin sortu da. Alde batetik, musika banda zegoen, haizezko tresnak tratatzen zituen, eta guk periferikoak: teklatuak, bateria, perkusioak, biolina... instrumentu ezberdinak. Egia esan, lana egin izan dugu askotan pentsatu gabe erakusten ari garela, baina horrek ondorioak izan ditu herrian. 

Zarautz Trikek trikitia indartzeko dihardu lanean.

Trikitiak tamaina txikia du, erakargarria da kalean ibiltzeko eta potentzia handia dauka. Handiak pisua du, ez da erabiltzen kalerako. Txikiak pisu gutxiago du eta zentratuta dago herriko musika tradizionalean. Orduan, balio du festak alaitzeko, denek ezagutzen dutelako musika hori. Zoriondu nahi dut Zarautz Trik elkartea hartu duen martxagatik. Jaialdia oso polita izan zen, ondo antolatuta zegoen. Bestetik, udalari edo Kultura Saileko arduradunei eskatuko nieke babesteko, goxatzeko eta ahal duten laguntza gehien emateko, ekimenean oso inplikatuta dagoen herriko jendea delako.

Hainbeste urte irakaskuntzan ibili ondoren, bilakaerarik nabaritu al duzu?

Instrumentu bat ikasteko saiatu egin behar da. Berdin zait panderoa den ala txalaparta den. Pedagogia aldetik aldaketa egon da urte hauetan, eta bakarkako lana nahiko gogorra bihurtzen ari da. Instrumentu bat ikasten ari zarenean, etxean ordu batzuk sartu behar dituzu teknika hobetzeko eta abestiak ikasteko. Irakaslearenera zoazenean, hark zuzentzen dizu zuk egindako lana, baina zuk ez baduzu lanik egiten, irakasleak ezin dizu zuzendu. Gaurko pedagogia berrietan talde lanekin eta proiektuekin egiten da lanketa. Dena taldean egiten da, eta musikan alderantzizkoa da. Bakarkako lana eginbehar duzu urte batzuetan, eta menpean duzunean instrumentua, orduan joan zaitezke taldean jotzera. Lanketa horretan familiak parte hartu behar du, agindu behar zaio umeari egunero entseatu behar duela, eta horrela hobetzen da. Ez baduzu lanik egiten, gelditzen zara leku batean eta ezin duzu hobetu. Musika eskoletan asko gertatzen da ikasle iraunkor asko ez direla egoten,lana eskatzen duelako.