Berriro ekingo diete bingo saioei Udaberri Jubilatuen Elkartean

Amaia Urbieta Arruti 2021ko eka. 2a, 11:15

Bingo saioetan parte hartu nahi dutenek gaur, bihar edo etzi eman dezakete izena Udaberriren bulegoan. Osasun egoera dela eta, hainbat neurri berezi hartu beharko dituzte parte hartzaileek.

Etenda egon dira azken hilabeteetan Udaberri Jubilatuen Elkarteko bingo saioak pandemiaren eraginez. Elkarteak jakitera eman duenez, horretan aritzen den taldea "prest" egon da une oro  aukera zegoen momentuan den martxan jartzeko. "Bada, momentua ailegatu da", azaldu dute prentsaohar bidez.

Datorren ekainaren 14tik aurrera martxan izango dira berriro Udaberri Jubilatuen Elkarteko bingo saioak astelehen eta asteazkenetan, 18:30etik 20:00etara. Zehaztu dute "egungo egoerak eskatzen dituen osasuna zaintzeko neurriak" hartuko dituztela. Horretarako, jende gutxiagoko saioak egingo dituzte, hamasei partaidekoak, eta denek parte hartu ahal izan dezaten txandak antolatuko dituzte. Lehen bezala, Udaberriko lehenengo solairuan elkartuko dira, "distantziak bermatuta eta maskararekin". Osasun-segurtasunarekin lotutako neurri guztiak argi azalduko dituzte lehen saioan. Besteak beste, zehaztu dute banaka sartu eta atera beharko direla parte hartzaileak eta bakoitzak bere fitxak etxera eraman eta garbitu beharko dituela.

Izena eman nahi dutenek horretarako aukera dute gaur, bihar eta etzi, 17:00etatik 18:00etara, elkartearen lehenengo solairuko Aldizkaria bulegoan, edota Udaberriren bulegoan, ohiko ordutegian. Izena ematen ez duenak ez du bingoan parte hartzeko aukerarik izango.