Ostirala izango da azken eguna Imanol Urbieta Musika Eskolan aurrematrikula egiteko

Amaia Urbieta Arruti 2021ko eka. 2a, 17:00

Lau urtetik gorako haur nahiz helduentzako musika ikastaroak eskainiko dituzte datorren ikasturtean ere Imanol Urbieta Udal Musika Eskolan. Larunbatean ate irekien saioa egingo dute.

Ostiralera arte egin ahalko da datorren ikasturterako aurrematrikula Imanol Urbieta Udal Musika Eskolan. Lau urteko haurretatik hasita adin mugarik gabe, hainbat ikastarotan izena eman dezakete herritarrek. Musika tresnak ikasteko aukeraz gain, haur nahiz helduentzat musika hizkuntza ikastaroak eskaintzen dituzte, baita musikoterapia ere. Ikas daitezkeen instrumentuak, berriz, honako hauek dira:

  • Biolina
  • Biolontxeloa
  • Bonbardinoa
  • Zeharkako flauta
  • Gitarra
  • Klarinetea
  • Panderoa
  • Perkusioa
  • Pianoa
  • Saxofoia
  • Txistua
  • Trikitixa
  • Tronboia
  • Tronpa
  • Tronpeta
  • Taldea (konbo, klasiko eta txistu talde)

Izena eman nahi dutenek hiru bide dituzte horretarako: Internet bidez, musika eskolaren webgunean, edo imanolurbietazme@gmail.com helbidera idatzita; telefonoz, 943-50 65 89 zenbakira deituta; edo aurrez aurre, musika eskolaren bulegoetan (Lapurdi kalea, 7 B), astelehenetik ostegunera 15:30etik 19:30era eta ostiraletan 09:30etik 13:30era. Osasun egoera dela eta, musika eskolako arduradunek eskatu dute "ahal den neurrian" web orrialdea erabiltzea matrikula egiteko. Aurrez aurre egingo bada, hitzordua eskatzea beharrezkoa izango da.

Eskolak eskaintzen dituen zerbitzuei buruzko informazio gehiago eskuratu daiteke web orrian.

Ate irekiak

Datorren ikasturteari begira, larunbat honetan ate irekien bigarren saioa egingo dute bertan ikasteko asmoa dutenek eskola gertuagotik ezagutu dezaten (lehen saioa aurreko ostiralean egin zuten). 10:00etatik 12:00etara izango da bisita, eta jakitera eman dutenez, mugimendu gelak eta musikoterapia ezagutzeko aukera egongo da, baita hainbat instrumentu aurrez aurre ikusi eta entzutekoa ere. Dena den, pandemiagatik ezingo dira instrumentuak probatu.