Mundua handitu zuen bidaia

Zarauzko Hitza 2021ko eka. 2a, 19:30

Elhuyar aldizkariaren azken zenbakian artikulu mardula argitaratu du Egoitz Etxebeste Adurizek, 1519an Sevillatik (Espainia) abiatutako espedizioari buruz. Besteak beste, bi zarauztarren jakintza jaso du artikuluan: Daniel Zulaika mediku eta historialariarena eta Xabier Alberdi Lonbide historian doktorearena. 

1521eko abenduaren 21a, Tidoren (Molukak). Bi itsasontzietako marinelek negarrez agurtu zuten elkar. Ontzietako batek konponketak behar zituen, eta ezin zuen itsasora atera. Bestea, berriz, bazihoan. Elkanok hartua zuen erabakia: espedizioaren hasierako asmoa baztertu, eta alderantzizko bidea hartuko zuen. Haizea kontra zuen, baita portugaldarrak ere, eta erregearen agindua hautsiko zuen. Baina, Sevillara iristea lortzen bazuten, mereziko zuen; erregeak ere barkatuko zion, seguru, itsasontzi bete iltze eramateaz gain, munduari bira emango baitzioten.

1519an Sevillatik abiatu zirenean, ez zitzaien burutik pasa ere egingo munduari bira ematerik. Helburuak bestelakoak ziren: pasabide bat aurkitzea Nuñez de Balboak sei urte lehenago Amerikaren mendebaldean ikusitako itsasora, eta, itsaso ezezagun hartan nabigatuz, Moluketara iristea. Hantxe sortzen ziren garai hartako altxor preziatuenetakoak: espeziak.

“Elikagaiak kontserbatzeko eta egoera onenean ez zeudenen zaporea estaltzeko erabiltzen ziren; ez zegoen hozkailurik”, dio Daniel Zulaika Aristi mediku eta historialariak. Iltzea zen garestiena, eta garraiatzeko leku gutxien behar zuena. “Esaten zen ikusmena hobetzen zuela, sukarrari eta hotzeriari aurre egiteko balio zuela, maskuria suspertzen zuela eta kolona garbitu; eta, esnearekin hartuta, sexu-harremanak ere hobetzen omen zituen. Alegia, gai miragarri eta miraritsua zen; oso garestia, nobleen arteko oparia”.

Portugaldarrak jaun eta jabe ziren espezien merkataritzan. Afrika inguratuz, kostaz kosta, iristen ziren espezien lurraldeetara. Magallaesek ere parte hartu nahi zuen espezien negozioan, eta, Portugalgo erregearekin haserretuta egonik, Espainiakoa limurtzeko plan bat ondu zuen, Rui Faleiro kosmografoaren laguntzarekin. Mendebalderantz joanda Moluketara irits zitezkeela proposatu zion. Hala, Espainiak espezia preziatuak lortu ahal izango zituen. Eta, are gehiago, Magallaesen kalkuluen arabera, Molukak Espainiari zegozkiela frogatu ahal izango zuten.  

(...)

Puntako itsasontziak

Mapa haiekin abiatuko ziren Sevillatik bost itsasontzi. “Garai hartako modernoenak eta aurreratuenak ziren”, dio Xabier Alberdi Lonbidek, Euskal Itsas Museoko zuzendari zientifikoak. Izan ere, itsasontzi-modelo hori sortu berria zen, hamarkada gutxi batzuk lehenago. “Aldaketa oso garrantzitsua izan zen, ontzigintza-sistema bera errotik aldatu zuena”.

XV. mendeko 60-70eko hamarkadara arte, garraio-ontziak eraikitzeko, kroskoaren azala egiten zuten lehenengo, eta egitura gehitzen zioten gero. Hori baztertu, eta sistema zeharo kontrajarria erabiltzen hasiko ziren: lehenengo egitura, eta gero azala.

Ontzi sendoagoak lortzen ziren horrela, eta, gainera, zura askoz hobeto aprobetxatzen zen. “Aldaketaren arrazoietako bat izan liteke basoaren ustiaketaren aldaketa. Erdi Aroaren amaieran ehunka burdinola ari ziren lanean, eta ehunka itsasontzi eraikitzen. Egur-gabezia izaten hasi ziren. Hor sortu ziren lehendabiziko lege-neurriak, basoa babesteko eta biziberritzeko”.

Irakurri artikulua osorik elhuyar.eus-en webgunean.