Zarautz Garbia enpresa arduratuko da aurrerantzean kale-garbiketa zerbitzuaz

Aritz Mutiozabal 2021ko eka. 3a, 09:00

Garbiketa lanak Azken Portu auzoan. (Zarauzko Udala)

Hamar urteko esleipena izango da, eta urtean 1,4 milioiko aurrekontua izango du. Bestalde, hemendik aurrera, auzoetan astelehenetik larunbatera luzatuko dute garbiketa zerbitzua.

Udal mugapeko kale-garbiketa zerbitzuaren kontratua adjudikatzeko administrazio-klausulen eta baldintza teknikoen agiriak onartu zituen udalbatzarrak urtarrilean, eta, bide batez, deialdi publikoa egin zuen. Epe horretan enpresa bakarra aurkeztu zen, eta, horrenbestez, Zarautz Garbia UTEari esleitu zaio kale-garbiketaren zerbitzua. Kontratua ekainaren 1ean jarri zen indarrean eta hamar urteko iraupena izango du, urteko 1.442.341,97 euroko (BEZ barne) aurrekontuarekin.

Zerbitzu honek bere gain hartuko du herriko espaloi, galtzada, plaza, pasabide, lorategi-gune eta izaera publikoko zona urbanizatu guztien garbiketa. Baina ez hori bakarrik: hirigunetik kanpo dauden guneak, parkeetako bideak eta haurren jolasguneak, eskoletako jolastokia, Merkatu plaza, Industrialdeak, hiri-altzariak eta abar garbitzearen ardura ere izango du enpresa esleituak.

"Zerbitzua hobetu"

Orain arteko kale-garbiketa zerbitzua "kalitatezkoa eta gertukoa" izan dela adierazi du Iban San Martin Zerbitzu zinegotziak, baina kontratu berriarekin "hobetu" egingo egingo dela. Zentzu horretan, auzoetako garbiketa zerbitzua areagotzeko hartutako konpromisoari heldu diote. Garbiketa zerbitzua aurrera eramateko, zazpi gunetan banatu dute herria. Alde Zaharra eta Malekoia egunero garbitzen jarraituko dute orain arte bezala, eta gainontzeko auzoetan, berriz, astelehenetik larunbatera luzatuko dute zerbitzua.

“Herritarren gaueko atsedena bermatzeko", goizeko garbiketa ordubete atzeratzea erabaki dutela azaldu du Iban San Martinek. Hala, Alde Zaharrean 07:00etan hasiko dira, eta auzoetan 07:30ean. Horrez gain, enpresa esleituak bi garbiketa ibilbide diseinatu ditu, zerbitzua herriko gune desberdinetatik hasteko helburuarekin.

Udaldian lantaldea handituko dute, ohiko zerbitzua indartze aldera; besteak beste, Malekoiko eta Alde Zaharreko gaikako edukiontziak goiz eta arratsalde husteko, itsasertzeko aterpeak garbitzeko eta herriko hainbat edukiontzi gune desinfektatzeko. Bestalde, Enpresak baliatuko dituen makinaria eta ibilgailuak ingurumen ikuspegia izango dute: erabiliko dituen ibilgailu gehienak elektrikoak edo hibridoak izango dira, kalitatezko zerbitzu jasangarriago eta isilago bat lortzeko.