Zarautz Abesbatza entseguetara itzuli da

Aritz Mutiozabal 2021ko eka. 3a, 10:00

Txinpirin eta Zarautz-Txiki kantu-taldeetan izena emateko aukera zabaldu dute.

"Pazientzia handiz zain egon ondoren", entseguak egiteko baimena iritsi zaio Zarautz Abesbatzari, eta dagoeneko abian da.  Protokolo guztiak martxan jarri dituzte, CO2 neurgailua barne, eta entseatzen hasi da talde murriztuetan, urtez urte hutsik egin gabe mantendu dituen Musika Eguneko emanaldia (ekainak 21) eta Udako Kontzertua (uztailak 17) prestatzeko. Zarautz Abesbatzak proiektu ugaritan hartzen du parte urtean, baina iaztik ekintza asko bertan behera utzi ditu. Hala ere, taldeko abeslariek gogoz heldu diete entseguei datozen kontzertuak borobiltzeko asmoz.

Egoera hobetzera doala-eta irailetik aurrera argi berdea izango den itxaropenarekin, taldeak eta jarduerak antolatzen hasiko dira. Txinpirin eta Zarautz-Txiki kantu-taldeetan izena eman nahi dutenek abesbatza.zarautz@gmail.com helbidera bidali beharko dute mezua haur edo gaztetxoaren izen-abizenak eta adina adierazita, eta abesbatzako arduradunak berehala jarriko dira harremanetan beraiekin. Urteko matrikula behin ordaintzen da.

Entsegu egunak ondorengoak dira: Txinpirin haur abesbatza (LH2. maila - LH5. maila) ostiraletan elkartzen da, 18:00etatik 19:00etara, eta Zarautz-Txiki abesbatza (LH6. maila - 18 urte), berriz, astelehenetan eta asteazkenetan, 19:00etatik 20:00etara.