Babesten dutenak babesteko kanpaina

Amaia Urbieta Arruti 2021ko eka. 4a, 09:00

Minbizidun pazienteei zein beraien senideei arreta eskaintzen dien AECC elkarteak hainbat ekitaldi egingo ditu. Azpeitian egoitza berria izango dute laster.

«Gaixo eta senideekiko arreta indartzeko eta minbiziak jotako biztanle gehiagorengana iristeko» helburuarekin, bazkideak erakartzeko kanpaina berria jarri du martxan AECC Gipuzkoaren (Minbiziaren Aurkako Elkartea) Urola Kostako Batzarrak. Kanpaina horren barruan, hitzaldiz zein bestelako ekitaldiz betetako astea antolatu du elkarteak. Hala jakinarazi du prentsaohar bidez: «Kanpaina honen bitartez, AECCk Urola Kostako pertsona gehiagorengana iritsi nahi du, gure arreta berritu eta zerbitzu gehiago eskaintzeko».

Zarautzen dauka eskualdeko egoitza bakarra momentuz AECCk, eta jakitera eman duenez, minbiziak kaltetutako 92 pertsona artatu zituzten bertan 2020an. Urte horretan, denera, 283 saio psikologiko eta 433 eskuhartze edota kudeaketa egin zituzten.

Azpeitian egoitza berria

Dena den, oharrean aurreratu dutenez, datorren astean Azpeitiko Udalarekin hitzarmen berria sinatzea aurreikusi dute, eta iragarri dute laster eskualdeko bigarren egoitza zabalduko duela elkarteak herri horretan. Horrez gain, oharrean jakitera eman dute, gaur-gaurkoz, 1.109 bazkide dituela elkarteak Urola Kostan, eta «ekarpen solidarioei esker» doan eskaini ditzaketela psikologia eta gizarte arreta zerbitzua minbizia dute paziente eta senideentzat. Hain zuzen, minbiziarenaurkakoastea.com atari digitalean dago aukera elkartean alta emateko, baita nahi adinako ekarpen ekonomikoa egiteko ere; ez dago bazkide egin ahal izateko gutxieneko kuotarik.

Hitzarmen berria sinatzeaz gain, beste hainbat hitzaldi zein saio praktiko egingo dituzte datozen egunetan. Ekainaren 7tik 11ra, astelehenetik ostiralera, iraungo dute hitzorduek, eta elkarteak jakitera eman du edukiera mugatua izango dela guztietan. Hori dela eta, parte hartzeko asmoa izanez gero aurrez izena eman beharko da minbiziarenaurakoastea.com web orrian.

Egitaraua

Ekainak 7, astelehena. 11:00etan, larruazalaren zainketa paziente onkologikoekin online ikastaroa, Monte Albertiako profesionalen eskutik.

Ekainak 8, asteartea. 18:30etan, Komunitate errukitsuak: Zarauzko esperientzia. Zarautz Herri Zaintzailea plataformako kide Iñaki Peña eta Anjel Irastorza ariko dira hizlari Modelo aretoan. Ekitaldia streaming bidez ere jarraitu ahalko da, Gipuzkoako AECCren sare sozialetan.

Ekainak 9, asteazkena.  10:30etan, dantza terapeutiko saioa hondartzan, Gil Harush terapeuta eta koreografoaren eskutik.

Ekainak 10, osteguna. 11:00etan, Yoga saioa Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian. Merche Fernandezen eskutik. 17:00etan, Zaintzaileentzako zainketak hitzaldia Azpeitiko Basazabal jauregian, Miriam Marquez psikologoaren eskutik.

Ekainak 11, ostirala. 11:00etan, mina mugimenduaren bidez arintzen ikasteko tailerra Antoniano aretoan, Eugenia Ollokiegi onkologian espezializatutako fisioterapeutaren eskutik. 17:00etan, sormen tailerra Emakumeen Etxean, Sara Galan arte plastikoetako eta argazkigintzako goi mailako teknikariaren eskutik.