Emakumeen Mahaiko lehen bilera egingo dute asteazkenean

Amaia Urbieta Arruti 2021ko eka. 5a, 09:00

Lehen bilera horretan finkatuko dute zeintzuk izango diren mahaiaren oinarriak. Emakumeen* Etxeko bazkideek, Parekidetasun Saileko kideek eta Berdintasun Kontseilukoek hartuko dute parte.

2020ko urrian jarri zituzten herritarren eskura Emakumeen* Etxeko zerbitzuak, eta martxa hartuta dihardute beren jardunean. Inauguratu aurretik egindako partehartze prozesuan Emakumeen Mahaia sortzearen ideia atera zen, eta datorren astean abian jarriko dutela iragartzeko prentsaurrekoa izan zen atzo. Bertan izan ziren Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotzia, Andrea Diez Emakumeen* Etxeko dinamizatzailea eta Itziar Murua eta Marije Zumeta, Berdintasun Kontseiluko kideak. 

Datorren asteazkenean, ekainaren 9an, izango da Emakumeen Mahaiaren lehen bilera, 18:30ean Emakumeen* Etxean. Parekidetasun Saileko nahiz Berdintasun Kontseiluko kideak izango dira bertan, eta bazkideek ere joateko aukera izango dute. Oraindik ez dituzte mahaiaren funtzionamendua eta oinarriak zehaztuta eta, hain zuzen, horretarako izango da asteazkeneko lehen bilera. Prentsaurrekoan jakitera eman dute bileran bertan zehaztuko dutela hurrengo batzarra noiz egin. Edukiera mugatua izango denez, mahaian parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute. Horretarako, inprimaki hau bete beharko da; bestela, mezua bidali daiteke emakumeen-etxea@zarautz.eus helbidera edota 943-00 51 36 telefono zenbakira deitu. 

210 bazkide

Herriko 210 emakume dira gaur-gaurkoz Emakumeen* Etxeko bazkide, eta Vazquez zinegotziak azaldu du "gustura" daudela kopuruarekin, duela hilabete gutxitik baitago martxan zerbitzua. Bazkide egin nahi duenak horretarako aukera dauka Emakumeen* Etxera jota, emakumeen-etxea@zarautz.eus helbidera idatzita edota 943-00 51 36 telefono zenbakira deituta.