Udalekuak antolatu dituzte aniztasun funtzionaldun nerabeentzat

Amaia Urbieta Arruti 2021ko eka. 6a, 14:30

Uztailean eta abuztuan izango dira udalekuak, astean hiru egunez. Ekainaren 15ean amaituko da izena emateko epea.

Aniztasun funtzionala duten 12 urtetik gorako gaztetxoentzat udalekuak antolatu ditu aurten ere Gizarte Zerbitzuen Sailak. Uztailean eta abuztuan izango dira udalekuak, astean hiru egunez, arratsaldez. 

Udalaren aurreikuspena da bi talde osatzea, izena ematen duten pertsonen adinaren eta ezaugarrien arabera. Kuotei dagokienez, hamabostaldi batean parte hartzeko 51,55 euro ordaindu beharko da, eta hilabete osorako 103,10.

Begiraleen zaintzapean, gazteek taldean aisialdiaz goza dezaten "aukera aparta" direla udalekuak esan du udalak prentsaohar bitartez. Izena emateko interesa dutenek ekainaren 15a baino lehen egin beharko dute. Horretarako, Herritarren Arreta Zerbitzuan eskuratu dezaketen eskaera orria bete beharko dute eta kuotaren ordainagiriarekin batera aurkeztu.