Luzatu egingo dute TAO bulegoaren ordutegia

Amaia Urbieta Arruti 2021ko eka. 5a, 11:45

Azken egunotan TAO bulegoan izan diren ilarak ikusita hartu du neurria udalak. Gogorarazi du iazko bineta indarrean egongo dela ekainaren 25era arte.

Ostegunean sartu zen indarrean udako TAO sistema, eta ordenantza aldaketa dela-eta, ilara luzeak egin dira egunotan TAO bulegoan. Hori dela eta, arreta ordutegia luzatu egingo dute gaurtik aurrera. Ordutegi berria 09:00etatik 20:30etara izango da, eta larunbatetan, 09:00etatik 15:00etara egongo da zabalik. Horrez gain, bi ilara bereiztuko dituzte bulegoan: bata izapideak egiteko, eta bestea ordainketak egiteko eta bereizgarria jasotzeko.

Udalak erabiltzaile guztiei gogorarazi nahi izan die pandemia egoerak jarraitzen duela eta, iaz bezala, ahal den neurrian, TAO bereizgarriaren kudeaketa modu ez presentzialean egitea gomendatzen dela. Horretarako, 627 45 25 00 zenbakira whatsapp edo telegram mezua bidali daiteke, edota otazarautz@gerteksa.eus helbidera mezu bat bidali.

Bestetik, udalak gogorarazi du iazko binetak ekainaren 25era arte indarrean egongo direla. "Aurten, ordenantza berriaren tramitazioa tarteko, edozein administrazio prozesutan ezarritako epeak bete behar izan ditugu eta, ondorioz, bereizgarrien banaketa atzeratu egin da. Positiboan pentsatu behar dugu, izan ere, datorren urtean egoera normala izatea espero dugu COVID-19ari dagokionean, eta tramitazio guztia urdearen egin ahal izango dugu.  Gainera, herritar askok bankuak helbideratua izango du ordainketa eta, horrek, kudeaketa askoz eroso eta arinagoa izatea ekarriko du”, azaldu du Iker Basurko Mugikortasun zinegotziak.