Aritz Aranburu ere Jokorik gabe geratu da

Aritz Mutiozabal 2021ko eka. 5a, 16:20

El Salvadorren jokatzen ari diren Munduko Surf Txapelketatik kanpo geratu da Aritz Aranburu surflari zarauztarra. Atzokoan ez zuen eguna eduki, eta gaur repeskako lehiari ekin dio. Ez da gaizki aritu, baina hasierako egunetan zeukan ziurtasuna falta izan zaio, eta aurkariek ez dute barkatu.

Manuel Shelman txiletarrak (12.60) eta Vasco Ribeiro (11.84) portugaldarrak egin dute aurrera; zer diren gauzak, Aranburuk laugarrengo txandan kalera bidali zuen Ribeiro, eta orain alderantzizkoa gertatu da bigarren aukerako lehian. Zarauztarra bigarren postutik gertu ibili da, baina ezin izan du jardunaldia erabat biribildu, 10.60ko puntuazioarekin bukatu baitu. Ondorioz, txapelketa hementxe bukatu zaio, eta baita Tokioko Olinpiar Jokoetara sailkatzeko itxaropen guztiak ere.