Zarauzko pilotariak hasi dira Gipuzkoako Txapelketa jokatzen

Maria Maya Manterola 2021ko eka. 6a, 10:00

Abian da Gipuzkoako XI. Euskal Pilota Egokituko Txapelketa. Banakako lehia jokatu ondoren, binakakoaren lehen jardunaldia jokatu zuten atzo, larunbata, Zumaiako Aitzuri pilotalekuan, eta ZKE pilota ataleko hiru ordezkari aritu ziren jokoan: Lorea Iribar, Haritz Lertxundi eta Joseba Altuna.

Teniseko paleta modalitateko lau norgehiagoka jokatu zituzten atzoko jardunaldian. Lorea Iribar zarauztarrak Leire Esnal zumaiarrarekin osatu zuen bikotea, eta 15-13ko emaitzarekin irabazi zien Xabier Olaziregi-Lander Ortega bikoari. 

Iraitz Huegunek eta Xabier Arizkorretak 15-5 irabazi zuten partida Haritz Lertxundi zarauztarrak eta Eneko Sagarmendik osatutako bikotearen aurkako lehian. Baina bikote berak, Lertxundi-Sagarmendiak, ez zuen hutsik egin Joseba Altuna oriotarraren eta Jurdan Arakistain zestoarraren aurkako norgehiagokan; 15-10 amaitu zuten partida. Altunak eta Arakistainek Huegunen eta Arizkorretaren aurka, bestalde, 3 eta 15 galdu zuten.

Errenterian izango dira hurrengo partidak, ekainaren 12an. Finalak, aldiz, hilaren 26an jokatuko dituzte Zumaian berriz ere. Teniseko paleta modalitateaz gain, Aitzuri pilotalekuan jokatuko dituzte gomazko paleta modalitateetako finalak ere.